Adierazpenak
Zurutuza: 'Orain Europaz hitz egiten hastea tontokeria da'
Erredakzioa
Jokalari txuri-urdinak 'oraindik partida asko' gelditzen direla gogoratu du, eta Getaferen aurka beste hiru puntu lortzeko abagune ederra izango dutela azpimarratu du.
David Zurutuzak orain Europako postuetaz hitz egiten hastea "tontokeria" dela esan du prentsaurrekoan. Hala ere, txuri-urdinak "sasoi onean" daudela azpimarratu du, eta "gustura" dagoela onaru du.
"Orain Europaz edo ‘Champions’ postuetaz hitz egiten hastea tontokeria da, azkeneko jardunaldietara zerbait egiteko aukerekin heldu behar da, baina oraindik partida ugari gelditzen dira, eta burua hurrengo neurketan jarri behar dugu", azaldu du Zurutuzak.
Realaren hurrengo aurkaria Getafe izango da, Anoetan: "Partida guztiak irabazteko abaguneak dira. Sasoi onean gaude, etxean jokatuko dugu, eta ustez gure mailako taldea da. Hiru puntuak eskuratu ditzakegu", esan du txuri-urdinak.
"Ondo gaude eta bolada onari eutsi behar diogu. Beti bezala jarraitu behar dugu, eta gure erara jokatu", azpimarratu du David Zurutuzak. "Osasunaren aurka taldearen jokoa ez zen ona izan, baina mailari eutsi genion. Emaitzak beste gauza bat dira, Osasunaren aurka ez genuen porrota jaso, eta garrantzitsua izan zen. Errege Kopan gol gehiago lortzeko ahaleginak egin genituen. Orokorrean, maila ona izaten ari da, baina gure jokoarekin jarraitu behar dugu", esan du Realeko erdilariak.