Itxi

txapeldunen liga

Kairat Almaty, Pafos eta Bodo/Glimt taldeek Txapeldunen Liga jokatzeko txartelak eskuratu dituzte

EITB Media

Leer en Castellano

Kazakhstango taldeak Celtic kanporatu du, Ziprekoa nagusi izan da Izar Gorriaren aurkako kanporaketan eta Norvegiakoak Sturm Graz utzi du kanpoan. Hirurak Athleticen aurkariak izan daitezke liga fasean.

Pafoseko jokalariak, sailkapena ospatzen. Argazkia: EFE

Kazakhstango Kairat Almatyk, Zipreko Pafosek eta Norvegiako Bodo/Glimtek historia egin dute, Txapeldunen Ligarako sailkatu dira eta. Eskoziako Celtic, Serbiako Izar Gorria eta Austriako Sturm Graz kanporatu dituzte, hurrenez hurren.

Kairatek Celtic kanporatu du: Eskozian jokatutako joaneko neurketan 0-0 berdinduta eta Almatyko itzulerako partida ere hutsean berdinduta. Luzapenean bi taldeetako batek ere ez du urratu aurkariaren aterako bidea, eta penalti jaurtiketen bidez erabaki behar izan da. Hamaika metroetatik egindako jaurtiketetako heroia Anarbekov atezaina izan da, hiru jaurtiketa gelditu ditu eta; hau da, Adam Idah, Luke McCowan eta Daizen Maeda jokalarien jaurtiketak gelditu ditu. Normalean ordezko atezaina da, baina ohiko titularra lesionatuta zegoelako jokatu du aipatutako norgehiagoka. Penaltietako azken emaitza 3-2koa izan da.

Bestalde, Pafosek 1-1 berdindu du Izar Gorriarekin Zipren jokatutako itzuliko neurketa, eta joanekoan lortutako aldeko 1-2ko emaitza baliatu du liga faserako txartela bereganatzeko.

Abuztuaren 26an jokatutako partidetan sailkapena lortu duen beste taldea Bodo/Glimt da. Norvegiako taldeak Sturm Grazen aurka galdu du (2-1) Austrian itzulerako norgehiagoka; hala ere, joanekoa 5-0 irabazi zuenez, Europako txapelketa jokatuko du.

Athleticen aurkariak izan daitezke

Txapeldunen Ligako zozketa abuztuaren 28an, ostegunean, egingo da, 18:00etan eta Kairat, Pafos eta Bodo bertan izango dira. Hiru taldeak Athleticen aurkariak izan daitezke liga fasean.

Zoriak erabakiko du zuri-gorriek talde horien kontra jokatu beharko duten ala ez, eta hala egokituz gero, etxean (San Mamesen) edo kanpoan ariko ote den. Aipatutako hiru talde horien aurka etxetik kanpo jokatzea egokituz gero, bidaiak luzeak izango lirateke.

Adibidez, Kairatek Almatyn jokatzen du, Txinako mugatik 400 kilometrora dagoen Kazakhstango hirian; Bilbotik 14 bat ordu behar dira heltzeko, hegazkinez.

Pafos Zipreko hego-mendebaldeko kostaldean dagoen hiria da; Bizkaiko hiriburutik abiatuta, hegazkinez, 5 ordu baino gehiago behar dira bertara joateko.

Bodo Norvegiako herri bat da, zirkulu polar artikoaren iparraldean dagoena. Bilbotik Bodora joateko, hegazkinez, 5 ordu baino gehiago behar dira. Azken urteetan Bodo/Glimt ohiko taldea da Europako txapelketetan. Iragan denboraldian Europa Ligako finalerdietaraino heldu zen, eta duela hiru urte Konferentzia Ligako final-laurdenak jokatu zituen. Gainera, Europako estadiorik zailenetakoa da bisitari gisa jokatzeko.

Albisteak (2)