Itxi

Final zortzirenak

Valentzia Txapeldunen Ligatik kanpo geratu da, PSGri irabazi ezinda

Erredakzioa

Ernesto Valverderen taldeak eskura izan zuen Parisen partida irabazi eta ezustea ematea, baina azkenean final laurdenetatik kanpo geratu da, bana berdinduta.

Valentziarrek eskura izan zuten garaipena, azken momentura arte. Efe.

Azkenean Valentziak ez du ezustekoa ematerik izan Parisen eta ezin izan dio Mestallan PSGren kontra lortutako emaitza kaskarrari buelta eman. Ondorioz, Txapeldunen Ligako final zortzirenetatik at geratu da.

Ernesto Valverderen taldeak eskura izan zuen PSG talde aberatsa gailendu eta Txapeldunen Ligako final laurdenetan sartzea. Jada 18 urte pasa dira balentria erdietsi zuten azken alditik.

Valentziarrek joko bikaina egin zuten bigarren zatian, eta partidari buelta ematea posible zela zirudien. Bi goleko abantaila behar zuten, baina erronka ez zen batere erraza; paristarrek 22 partida daramatzate etxean galdu barik.

Valentziarrei erasoan sendotasunka falta izan zitzaien, joaneko partidan gertatu bezala. Jonasek 55. minutuan sartutako golarekin ametsa gertu zegoela konturatu ziren, baina pozak 11 minutu eskas iraun zituen, Lavezzik berdinketaren gola egin zuen arte, alegia.

Valverderen mutilei nahiko zitzaien gol bakarra sartzea luzapena jokatzeko eta erasoan jo ta ke aritu ziren, Banega zelaian sartu eta haren gidaritzapean, frantziarrei euren areatik irtetezen utzi gabe.

Baina ezin izan zuten golik sartu. Joaneko partidan bezala, PSG sendo aritu zen defentsan eta merezita lortu zuten final laurdenetarako txartela.

Juventus ere, final laurdenetara

Juventusek ere final laurdenetarako txartela lortu du Glasgow Celtic taldeari 2 eta 0 irabazita. Kanporaketan aise nagusitu dira italiarrak, 5 eta 0eko emaitza orokorrarekin.

Antonio Conte entrenatzailearen taldeak Europan nagusi izan nahi du berriro, batez ere Italiako Liga kontrolpean dutelako: Napoli bigarren sailkatuari sei puntuko aldea ateratzen diote.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)