Real Madril-Borussia Dortmund
Klopp: 'Ametsa egia bihurtzeko modu bakarra ausarta izatea da'
Erredakzioa
Borussiako entrenatzaileak esan duenez, "ez dugu uste finalerako txartela lortuta dugunik" eta "ez gara atzean sartuta egoteko asmoarekin aterako".
Jürgen Klopp Borussia Dortmundeko entrenatzaileak prentsaurrekoa eman du asteartean Real Madrilen aurka Txapeldunen Ligako finalerdietako itzulerako partida jokatu bezperan. Oraindik ez direla finalean ikusten baieztatu du Kloppek.
"Txapeldunen Liga irabazteko faboritoetako bat ginela esan zuen Mourinhok denboraldi hasieran. Iaz oso ondo jokatu genuen, eta berak ondo aztertu zuen gure jokoa. Bazekien joko polita egiten genuela, eta orain, guk finalean sartzea amesten dugu beraiek amesten duten moduan. Talde ona daukagu, eta askotan hobe da talde moduan jokatzea, partidak askotan ez baitira jokalari bat ed bigatik soilik irabazten", esan du Jürgen Kloppek.
Dormundeko taldeak 4-1eko aldeko emaitzarekin ekingo dio partidari, eta Borussiako entrenatzaileak uste duenez, Real Madril amorratuta zelairatuko da: "Normala da Real Madrilek joaneko emaitza irauli nahi izatea, baina guk oso ondo jokatzen dakigula erakutsi genuen. Orain, ikusiko dugu zer gertatzen den. Guk ez dugu uste finalerako txartela lortuta daukagunik. Oso emaitza ona lortu genuen joaneko partidan, uste baino askoz hobea, baina bihar indar guztiekin borrokatu beharra daukagu sailkapena lortzeko".
Borussiak ez du atzean sartuta ateratzeko asmorik, hala adierazi du behintzat talde alemaniarreko entrenatzaileak: "Real Madrilek arazoetan sar gaitzake, baina ez gara atzean sartuta egongo, erasokor jokatzen baitugu. Gakoa defentsako eta erasoko jokoaren arteko orekan dago. Defendatzen dugunean denok defendatzen dugu, eta erasora jotzen dugunean denok jotzen dugu".
"Ametsa egia bihurtzeko modu bakarra ausarta izatea da. Partida gal genezake, baina ondo jokatzeak arduratzen nau, hori baita garrantzitsuena. Ezin dugu kale egin. Argi dagoena da, zerbait historikoa gertatuko dela: gu finalera iristea edo aldeko emaitzarekin, kanporatuta geratzea", azpimarratu du Kloppek.