Finalerdiak, itzuliko partida
Atletico eta Mourinhoren Chelsea, finalagatik borrokan
Erredakzioa
Talde madrildarra da Txapeldunen Ligan oraindik partidarik galdu ez duen bakarra. Gol gutxien jaso duen taldea ere dira: zortzi partida irabazi eta hiru berdindu dituzte, bost gol bakarrik jasota.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Stamford Bridgen asteazkenean jokatu beharreko partidak erabakiko du Atletico Madrilek Txapeldunen Ligan izango duen etorkizuna. Aurrean Jose Mourinhoren Chelsea izango dute. Biek Calderonen jokatutako joaneko partida hutsean bukatu zen.
Diego Simeonek entrenatzen duen taldeak 40 urte daramatza Txapeldunen Ligan sartzeko zain. Eta horretarako aukera paregabea dute aurten. Txapelketa osoan partidarik galdu ez duen talde bakarra da Atletico, eta golik gutxien jaso duena. Zortzi partida irabazi eta hiru berdindu ditu, bost gol bakarrik jasota. Atletico talde trinkoa da, eraginkorra erasoan, sendoa defentsan, Espainiako Ligako liderra, eta Europan maila handia ematen ari da.
Neurketa taktikoa espero da Londresen, joaneko partidan Calderonen gertatu bezala. Husnako berdinketak aukera guztiak zabalik utzi ditu. Chelseak defentsa lanean oinarritu zuen bere jokoa Madrilera egindako bisitan, eta, horri esker, Atleticori eustea lortu zuen.
Bi taldeek antzeko jokoa dute, eta Lisboan maiatzaren 24an jokatuko den final handian egon nahi dute. Talde bakarrak lortuko du hori, Londresen nagusitzea lortzen duenak, hain zuzen.
Litekeena da bi taldeek ondorengo hamaikakoak zelairatzea:
Chelsea: Schwarzer; Azpilicueta, Ivanovic, Cahill, Cole; Luiz, Ramires; Schürrle, Willian, Hazard edo Oscar; Torres edo Eto'o.
Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godín, Filipe; Arda, Tiago, Mario, Koke; Raúl García eta Diego Costa.
Epailea: Nicola Rizzoli (Italia).
Estadioa: Stamford Bridge.
Ordua: 20:45