Juventusen aurka (1-3)
Barçak denboraldia biribildu du Txapeldunen Liga irabazita
S.L. | eitb.eus
Rakitic, Luis Suarez eta Neymar jokalarien golekin bosgarren Txapeldunen Liga irabazi du talde katalanak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Denboraldi biribila FC Bartzelonarentzat. Taldea aurtengo txapelketa guztietan nagusitu da Txapeldunen Ligako finalean Juventusi irabazita (1-3).
Luis Enriqueren taldea partida hasi eta berehala aurreratu da markagailuan, 4. minutuan (0-1). Rakiticek gol ederra sartu du Iniestaren pasea baliatuta. Barçak bigarrena egiteko parada izan du minutu gutxira, baina Buffonek Dani Alvesen jaurtiketa aldaratu du.
Minutuek aurrera egin ahala, neurketa parekatu egin da eta italiarrek katalanen jokoa oztopatu dute. Juventusek gola egiteko bizpahiru aukera izan ditu.
Moratak 1-1ekoa egin du 55. ean. Ter Stegenen aldaratzea jokalari espainiarrari heldu zaio eta sarea zulatu du. Golak konfiantza eman dio Allegriren taldeari eta berdegunean nagusitu da, baina orduan egin du Bartzelonak bigarrena. Messik antolatutako kontraeraso batean, Buffon gainditu du Luis Suarezek (68.ean). Bi minutu geroago, 70.ean, baliorik gabe utzi du epaileak Neymarren gola baloia eskuarekin ukitzeagatik.
Amaierarako hamabost minuturen faltan, gutxigatik ez du Juvek 2-2koa sartu. Korner batean, kale egin du Ter Stegenek eta gola gertu izan du Italiako taldeak. Barçak ondo kudeatu ditu azkenengo minutuak, Neymarrek katalanen hirugarrena sartu du luzapenean eta Europako kopa altxatu dute.