Final handia Bernabeun
Txapeldunen Liga: Bayern eta Inter, hirugarren tituluaren bila
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Santiago Bernabeun jokatuko da finala larunbat honetan 20:45ean (ETB-1). Liga eta Kopa irabazita datoz bi taldeak.
Larunbat honetan Txapeldunen Ligako finala jokatuko da Madrilgo Santiago Bernabeu futbol zelaian. Bayern Munichek eta Inter Milanek jokatuko dute finala 20:45ean (ETB-1).
Bi taldeak denboraldiko hirugarren tituluaren bila doaz. Bayernek Bundesliga eta Alemaniako Kopa irabazi ditu eta Interrek Italiako Kopa eta Calcioa. Bi taldeetako batek, beraz, iaz Bartzelonak lortu zuena (hiru titulu) berdintzea lortuko du.
Aulkian bi entrenatzaile sendo eta jakintsu egongo dira. Louis Van Gaal (Bayern) eta Jose Mourinho (Inter), munduko entrenatzaile onenen artean daude biak. Lehia gogorra izango da zalantzarik gabe Bernabeukoa.