Itxi

Asteazkenean, 20:45ean

Real Madril-PSG, begirada guztiak gainean izango dituen partida

Erredakzioa

Leer en Castellano

Santiago Bernabeun jokatuko da talde espainiarraren eta frantziarraren arteko neurketa asteazkenean, 20:45ean.

Marcelo, Modric eta Cristiano Ronaldo, Real Madrilen entrenamenduan. Argazkia: EFE

Real Madrilek eta Paris Saint-Germainek asteazken honetan ekingo diote Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako kanporaketari, Santiago Bernabeun (20:45ean) jokatuko den joaneko neurketarekin. Txapelduna, Europan errege izan nahi duen talde dirudunaren aurka.

Txapeldunen Liga irabazi ala ahazteko denboraldia egin. Real Madrilek ia ezinezko du Liga irabaztea eta Kopatik at geratu zen final-laurdenetan. PSG taldeak Liga irabazteko aukera asko ditu, baina denboraldia ez da ona izango Championsa irabazi ezean. Taldeen arteko lehiaz gain, Cristiano Ronaldoren eta Neymarren arteko lehia ikusgarria espero dute zaleek.

Zinedine Zidane entrenatzailearen etorkizuna jokoan dago. Real Madrileko teknikariak Dani Carvajalen baja izango du, jokalaria zigortuta dagoelako, eta bere postua Nachok beteko du. Aurreko bi Txapeldunen Ligak irabazi dituen taldetik ez ditu aldaketa asko egingo Zidanek. Keylor Navas izango da atezaina; Nacho, Varane, Sergio Ramos eta Marcelo egongo dira defentsako lerroan; Casemirok, Kroosek eta Modricek osatuko dute zelai erdia; eta Bale, Benzema eta Cristiano Ronaldo egongo dira aurrealdean.

Bestalde, PSGri iritsi zaio hainbeste itxaron duen eguna. Qatarreko diruari esker talde bikaina osatu du. Mbappe eta Neymar jokalariak fitxatzeko 400 milioi euro ordaindu zituen, eta taldeko jabe aberatsek Txapeldunen Liga irabaztea beste helbururik ez dute. Kanporaketa hau galduz gero, porrot nabarmena izango da PSGrentzat, Qatarrentzat eta taldeko jabeentzat.

Unai Emery entrenatzailea eta Yuri Berchiche izango dira neurketa handi honetan parte hartuko duten euskal ordezkariak. Litekeena da Yurik hasieratik ez jokatzea eta hamaikakoan Kurzawa egotea. Emeryk ez du zalantzarik bere aurrelariekin; Neymar, Mbappe eta Cavani izango dira PSGren aurrelariak Bernabeun. Emeryk duen zalantza bakarra zelai erdian du. Euskal entrenatzaileak Lo Celso edo Lass Diarra jar ditzake Verratiri laguntzeko. Seguruenik, Lass Diarrak jokatuko du.

Ustezko hamaikakoak:

Real Madril: Keylor Navas; Nacho, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Casemiro, Kroos, Modric; Bale, Benzema, Cristiano Ronaldo.

PSG: Areola; Dani Alves, Marquinhos, Thiago Silva, Kurzawa edo Berchiche; Verratti, Lo Celso edo Lass Diarra, Drexler; Mbappe, Cavani, Neymar.

Epailea: Gianluca Rocchi (ITA).

Zelaia: Santiago Bernabeu.

Ordua: 20.45ean.

 

Albisteak (3)