FINAL-ZORTZIRENAK
Cityk kanporaketa erabaki du Basilean; Juventus eta Tottenhamek berdindu egin dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardiolarenak jaun eta jabe izan dira, eta 0-4 irabazi dute Suitzan. Juventus, berriz, 2-0 joan da irabazten, baina barkatu egin du (Higuainek penalti bat huts egin du).
Manchester Cityk aurreikuspenak bete ditu Basilean, eta Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako kanporaketa erabakita utzi du talde suitzar ahularen aurrean 0-4 irabazita.
Pep Guardiolaren aginduetara dagoen taldeak hiru gol sartu ditu lehen 22 minutuetan. Ilkay Gundogan, Bernardo Silva eta Sergio Aguero izan dira golegileak tarte horretan. Laugarrena bigarren zatian heldu da, 53. minutuan. Orduan erdietsi du bere gaueko bigarrena Gundogan alemaniarrak.
Azken ordu erdian aukera gehiago izan dira alde beitatik, baina Raphael Wickyren mutilek zein Guardiolarenek ez dute asmatu gol gehiago lortzeko.
Juventusek bizirik utzi du Tottenham
Astearte honetan jokatu den beste kanporaketan, Juventusek eta Tottenhamek bina berdindu dute (2-2) Turinen. Etxekoak 2-0 egon dira irabazten 9. minuturako Higuainek sartutako bi goli esker. Gerora, baina, Harry Kanen gola iritsi da, eta, ostean, lehenengo zatian oraindik, Higuainek penalti bat hutsegin du.
Tottenhamek ekinean jarraitu du, eta Eriksenen bidez galduta zirudien neurketa berdintzea lortu dute falta jaurtiketa batean.
Itzulikoak, martxoaren 7an
Kanporaketa bi horien itzuliko neurketak (Manchester City-Basilea eta Tottenham-Juventus) martxoaren 7an jokatuko dira (lehendabizikoa, Ethiad Stadiumean; bigarrena, Wembleyn).