FINAL-ZORTZIRENAK
Real Madrilek markagailua irauli du PSGren aurka; Liverpoolek kanporaketa erabaki du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrildarrek 33. minutuan jasotako golari aurre egin eta 3-1 irabazi dute. Liverpoolek, ostera, Oporto jipoitu du Portugalen (0-5).
Real Madrilek irabazi egin du PSGren aurka, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako kanporaketako joaneko partida galtzen hasi ondoren. Izan ere, paristarrak aurreratu dira markagailuan 33. minutuan Rabiotek sartutako golarekin, baina madrildarrek euren alde jarri dute emaitza Cristiano Ronaldok sartutako bi golekin eta Marcelok egindako beste batekin.
Garaikurra irabazteko faborito nagusienetako bik neurketa zirraragarria lehiatu dute Santiago Bernabeun, etengabeak izan baitira area batetik besterako joan-etorriak. PSGk aurrea hartu du markagailuan: Mbappek egindako jokaldi batean, Rabioti iritsi zaio baloia, eta ez du arazorik izan Keylor Navasen atea zulatzeko. Lehen zatia amaitzear zegoela, ordea, Cristiano Ronaldok berdinketa igoarazi du markagailura penalti puntutik.
Bigarren zatian, frantziarren nagusitasuna ez da markagailuan islatu Keylor Navasekin egin baitu tipo. Azken hamar minutuetan, aitzitik, Real Madrilen txanda iritsi da, eta bi gol erdietsi ditu: 83. minutuan Cristiano Ronaldok gaueko bigarrena egin du Areolaren aldaratze bat aprobetxatuta, Marco Asensioren jokaldi baten ostean. Hiru minutu geroago, Marceloren txanda iritsi da, zeinak Asensioren alperrik galdu Asensiok ezkerretik emandako pase ona.
Liverpool, jaun eta jabe
Bere aldetik, Liverpoolek garaipen argia (0-5) eskuratu du Oportoren aurka, Portugalen. Sadio Mane (3), Mohammed Salah (1) Roberto Firmino (1) izan dira Jurgen Kloppek zuzentzen duen taldeko golegileak. Emaitza horrekin, ingelesek erabat erabakita utzi dute euren kanporaketa.
Hala ere, etxekoek indartsu ekin diote neurketari, baina indarraldi horrek ez du hamabost minutu baino gehiago iraun, hortik aurrera Liverpool aise ibili baita zelai gainean. Aipatzekoa da, Jose Sa etxekoen atezainak ez dela finegi ibili bere lanean gaurkoan.