Joaneko partidak
Txapeldunen Liga: Hemen dira jada final-zortzirenak
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Valentzia-Schalke 04 eta Milan-Tottenham izango dira astearte honetan jokatuko diren norgehiagokak.
Bi hilabete Txapeldunen Ligaz gozatu ezinik egon garen arren iritsi da Europako talde onenak elkarren aurka jokatzen ikusteko garaia. Asterate honetan final-zortzirenetako bi partida izango ditugu ikusgai 20:45etik aurrera.
Mestallan Valentzia eta Schalke 04 ariko dira dira nor baino nor. Unai Emeryren taldea bolada onean iristen da norgehiagoka honetara Ligako hirugarren postua berreskuratu baitute valentziarrek. Schalke 04 taldean Raul Gonzalez Blanco eta Jurado Espainiara itzuliko dira bertako talde baten aurka jokatzeko. Alemaniarrek gaizki hasi zuten denboraldia, baina pixkanaka hobetuz joan ziren. Orain ez dabiltza gaizki, baina maila honetako partidetarako Rakitic bezalako jokalaria galdu dute. Sevillak fitxatu zuen neguko merkatuan eta talde alemaniarrak zeukan zelai erdiko jokalari onena zen.
Beste norgehiagoka partida handia da eta gainera zelaia ere ezin hobea. San Siron Milan eta Tottenham taldeek neurtuko dituzte indarrak. Calcioko liderrak Pirloren baja izango du partida honetarako eta Tottenhamen Bale hegaleko defentsa zalantza da. Dena den, ikuskizuna bermatuta dago San Siron.