Itxi

Champions League

Arsenal-Bartzelona, (2-1): Markagailua iraulita irabazi dute ingelesek

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Barça irabazten hasi da Villaren golari esker, baina bigarren zatian Wengerrek mutilek buelta eman diote norgehiagokari Van Persieren eta Arshavinen golei esker.

Arsenalek 2-1 irabazi dio Bartzelonari Ingalaterran jokatu den Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partida eta abantaila hartu du itzulerako partidarako.

Partida hasieran Arsenal izan zen jaun eta jabe. Bizkortasunez jokatu zuen talde ingelesak eta gol aukerak sortzen hasi zen. Seigarren minutuan Victor Valdes atezainak erantzun bikaina eman zion Van Persieren erremateari. Hamalaugarren minutuan etorri zen Bartzelonaren erantzuna. Messi bakarrik geratu zen Szczesny atezainaren aurrean, baina bere jaurtiketa loratua zutoina urratuz kanpora joan zen. Minutuak aurrera joan ahala Bartzelona hasi zen nagusitzen, baina Arsenalek 1-0ekoa sartzeko aukera bikaina izan zuen 24. minutuan. Van Persie Cesc Fabregasen erdiraketa errematatzeko prest zegoen atepean eta Abidalek desbideratu behar izan zuen baloia gola eragozteko. Arsenalek barkatu egin zuen eta hurrengo minutuan Bartzelonak 0-1ekoa egin zuen. Messik pase dotorea eman zion Villari eta asturiarrak 0-1ekoa egin zuen. Emaitza honekin, 0-1ekoarekin iritsi zen norgehiagoka atsedenaldira.

Bigarren zatian Arsenalek gogo gehiago eta joko gehiago jarri du. Bartzelona, bestalde, erlaxatu egin da. Ingelesenak izan dira bigarren zatiko gol aukera onenak eta gehienak. Hasi bezain laster Wilsherek egindako jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Victor Valdes atezainak eta ondoren Piquek atepetik kornerrera desbideratu du Van Persieren errematea. Nagusi zen Arsenal eta Bartzelona gaizki pasatzen ari zen, baina Messik aldeak areagotzeko aukera izan zuen 67. minutuan. Argentinarrak, ordea, gehiegi gurutzatu zuen area barrutik egindako jaurtiketa.

Arsenalek berera jarraitzen zuen etsi gabe eta horrek ordaina izan zuen. 77. minutuan Van Persie area barruan sartu zen eta Victor Valdes gainditu zuen zartako on batekin. 1-1ekoa zen eta honek indarra eman zion Arsenali. Wengerren mutilak erasora joan ziren eta 83. minutuan markagailua irauli zuten. Nasrik jokaldi bikaina egin, pasea atzera eman eta Arshavinek 2-1ekoa egin zuen. Azken minutuan errakzionatzen saiatu zen Bartzelona eta Alvesek aukera ona izan zuen partida berdintzeko. Brasildarra, ordea, nahasi egin zen eta ezin izan zuen errematea egin. Horrenbestez 2-1eko emaitzarekin bukatu zen partida eta kanporaketa Camp Noun erabakiko da.

Fitxa teknikoa:

2. Arsenal:Szczesny; Eboué, Djourou, Koscielny, Clichy; Song (Arshavin, min.69),Wilshere; Walcott (Bendtner, min.77), Cesc Fabregas, Nasri; eta Van Persie.

1. Bartzelona:Valdes; Dani Alves, Pique, Abidal, Maxwell; Sergio Busquets, Xavi,Iniesta (Adriano, min.89); Pedro, Villa (Keita, min.68) eta Messi.

Golak: 0-1, min.26: Villa. 1-1, min.79: Van Persie. 2-1, min.83: Arshavin.

Epailea: Nicola Rizzoli, iItaliarra.

Albisteak (1)