Itxi

FINAL-ZORTZIRENAK

Gaur, Bayern-Liverpool eta Bartzelona-Lyon, kanporaketa irekiak

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Kasu bietan joaneko partidak hutsean bukatu ziren, eta horrek lau taldeei aitortzen dizkie aurrera egiteko aukerak.

Bayern Municheko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Txapeldunen Ligak agur esango dio gaur txapelketa bost aldiz irabazi eta oraindik ere lehian ari diren hiru taldeetako bati, hau da, Bayern Munichi edo Liverpooli. Joaneko neurketan 0-0 egin zuten; beraz, dena dago erabakitzeke Allianz Arenak hartuko duen partidan.

Etxekoek sentsazio hobeagoekin ekingo diote lehiari, talde ingelesak Anfieldek izan ohi dituen oldarraldiei aurre egiteko gai izan baitziren. Hori bai, golik sartu ezinda geratu ziren.

Bayernek indarberrituta ekin dio lehiari neguko geldialdiaren ostean, eta Bayern Leverkusenen aurka besterik ez dute galdu aurten. Porrot hori gorabehera, Municheko taldeak Bundesligako lehen postura igotzea lortu du, Borussia Dortmundek ateratzen zion aldea murriztu eta gero.

Gainera, ligako azken bi neurketak gol sorta handia sartuta atera dituzte aurrera: 1-5 Moenchengladbachen kontra eta 6-0 Wolfsburgoren aurka. Hamaika gol horietatik Robert Lewandowskik hiru sartu ditu.

Bere aldetik, Liverpool zertxobait indargabetuta dabil urte berriarekin batera, batez ere etxetik kanpo; izan ere, golak sartzea zailtzen ari zaio. Horren adierazle da Anfieldetik urruti jokatu dituen 2019ko azken sei lehietan lau gol besterik ez dituela sartu.

Lewandowskik ez bezala, Mohamed Salah kamuts ari da aurkarien ate aurrean, ez baitu golik sartu bere azken bost partidetan. Haatik, Sadio Mane egiptoarra baino eraginkorrago dabil, zortzi gol erdietsi baititu aurten.

Balizko hamaikakoak:

Bayern Munich: Neuer, Rafinha, Sule, Hummels, Alaba; Thiago, Javi Martínez, James Rodríguez, Ribéry, Gnabry eta Lewandowski.

Liverpool: Alisson, Alexander-Arnold, Matip, Van Dijk, Robertson, Wijnaldum, Fabinho, Henderson, Salah, Firmino eta Mane.

Epailea: Daniele Orsato (Italia).

Futbol-zelaia: Allianz Arena.

Ordua: 21:00.

Bartzelonak final-laurdenetan egon nahi du

Vidal eta Piqué. Argazkia: EFE

Jardunaldiko beste neurketan, Bartzelonak Olympique Lyon talde frantziarra gainditu beharko du Camp Noun, final-laurdenetarako sailkapena lortzeko bidean. Joanekoan, 0-0 berdindu zuten, eta emaitza arriskutsua izan daiteke katalanentzat. Gainera, gogoan dituzte lehiaketan izan diren ezusteko nabarmenak (Real Madril eta PSG), eta ez dute talde horien artean egon nahi.

Valverderen taldea beti gailendu zaio Lyoni euren arteko kanporaketetan. Horietako azkena final-zortzirenetako itzuliko batean izan ere, joanekoan berdinduta amaitu eta gero (1-1).

Talde frantziarrak ez dauka galtzeko ezer, eta Txapeldunen Ligan izan diren ustekabe horietako bat eragiteko prest bidaiatuko dute Bartzelonara.

Balizko hamaikakoak:

Bartzelona: Ter Stegen, Sergi Roberto, Piqué, Lenglet, Alba, Busquets, Arthur, Rakitic, Messi, Suarez eta Coutinho edo Malcom.

Lyon: Lopes, Dubois, Denayer, Marcelo, Mendy, Ndombele, Tousart, Depay, Fekir, Aouar eta M. Dembélé.

Epailea: Szymon Marciniak (Polonia).

Futbol-zelaia: Camp Nou.

Ordua: 21:00.

Albisteak (2)