Itxi

FINAL-LAURDENAK

Liverpoolek eta Tottenhamek aurrea hartu dute euren kanporaketetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Kloppen taldeak 2-0 irabazi dio Portori Anfielden; Pochettinoren mutilek, berriz, gol bakarrarekin garaitu dute Manchester City (1-0).

Liverpooleko jokalariak lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Liverpoolek 2-0 irabazi dio Portori astearte honetan, Naby Keita ginearraren eta Firmino brasildarraren golen bidez, Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joaneko partidan. Horrenbestez, Jurgen Klopp alemaniarrak entrenatzen duen taldeak oso alde dauka kanporaketa.

Ingalaterrakoek hasi eta buka agindu dute neurketan zehar, eta 15. minuturako lehen gola lortu dute, zorte apur batekin izan bada ere. Keitak egindako jaurtiketak Oliver Torresen gorputzean jo du, eta baloia desbideratuta atera da Casillasen ezinaren aurrean.

Gol horren ostean, etxekoek erasoan jarraitu dute, eta Mohamed Salah egiptoarrak pare bat aukera izan ditu portugaldarren atea zulatzeko, Firminoren gola iritsi baino lehen.

Brasildarraren gola 26. minutuan heldu da. Liverpool taldeko aurrelariak ederto aprobetxatu du Trent Alexander-Arnold taldekideak area barruan eman dion azken pasea baloia sare barrura bidaltzeko.

2-0eko emaitza bidezkoa izan da, Portok ia aukera bakarra sortu baitu neurketa osoan zehar, Moussa Marega aurrelariak lehen zatian izan duena, alegia. Aitzitik, Maliko aurrelariaren boleari erantzun ona eman dio Alisson atezain brasildarrak.

Fitxa teknikoa:

2 - Liverpool: Alisson Becker, Alexander-Arnold, Lovren, Van Dijk, Milner, Henderson, Van Dijk, Keita, Salah, Firmino (Sturridge, 82. min) eta Mane (Origi, 73. min).

0 - Porto: Casillas, Maxi Pereira (Fernando, 77. min), Felipe, Eder Militao, Alex Telles, Corona, Danilo, Oliver Torres (Bruno Costa, 73. min), Otavio, Marega eta Soares (Brahimi, 62. min).

Golak: 1-0, 15. min: Keita. 2-0, 26. min: Firmino.

Epailea: Antonio Mateu Lahoz (Espainia). Txartel horiak: Soares eta Felipe (Porto).

---------------------------------------------------------

Tottenham taldeko jokalariak, Son hego-korearraren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Jardunaldiko bigarren norgehiagokan, Tottenham 1-0 gailendu zaio Manchester Cityri, Londresko taldearen zelai estreinatu berrian jokatu den lehian.

Pochettinoren mutilen garaipena partidako azken txanpan etorri da, 78. minutuan; horren aurretik, ordea, etxekoek bi une gaizto igaro behar izan dituzte. Horietako lehendabizikoa lehen zatian gertatu da, epaileak Cityren aldeko penaltia adierazi duenean. Alabaina, Lloris atezain frantziarrak asmatu egin du nora zuzenduko zuen baloia Aguerok, eta gelditu egin dio jaurtiketa argentinarrari. Bigarren une mikatza 50. minutuan ailegatu da, Harry Kane aurrelariak zelaia utzi behar izan duenean, lesionatuta.

Aitzitik, bi egoera horiei buelta emateko gai izan dira Tottenhamekoak. Horrenbestez, Heung-min Son hego-korearrak arauzko denbora betetzeko 12 minuturen faltan lortutako golak datorren asteazkenean defendatu beharko duten abantaila aitortu die Londreskoei.

Fitxa teknikoa:

1 - Tottenham Hotspur: Lloris, Trippier, Alderweireld, Vertonghen, Rose, Sissoko, Winks (Wanyama, 81. min), Eriksen; Alli (Llorente, 87. min), Son eta Kane (Moura, 57. min).

0 - Manchester City: Ederson; Delph, Laporte, Otamendi, Walker; D. Silva (De Bruyne, 89. min), Fernandinho, Gundogan, Sterling, Aguero (Jesus, 71. min) eta Mahrez (Sane, 89. min).

Golak: 1-0, 78. min: Son.

Epailea: Bjorn Kuipers (Herbehereak). Txartel horiak: Rose (Tottenham); Laporte eta Mahrez (Manchester City).

Albisteak (2)