FINALERDIETAKO ITZULIKOA
Ajaxek eta Tottenhamek ere Madrilgo finalean egon nahi dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Herbeheretarrak 1996an egon ziren azkenekoz finalean; ingelesentzat, aldiz, lehenengo aldia izango litzateke.
Ajax faborito da asteazken honetan Txapeldunen Ligako finalera sailkatzeko Tottenham aurka jokatu behar duen kanporaketan, Herbeheretako taldeak irabazi egin baitzuen Londresen jokatutako joaneko partida (0-1).
Ajaxek lau aldiz bereganatu du Europako txapelketa nagusia (1971n, 1972an, 1973an eta 1995ean), eta 1996an jokatu zuen bere azken aldiz finala. Orduko hartan, penalti-jaurtiketatan galdu zuen Juventusen kontra.
Orain, aukera ezin hobea dauka parez pare, etxetik kanpo partidak irabazteko erakutsi duen ahalmenari esker. Izan ere, txapelketako hiru kanporaketetan lortu du arerioaren etxean garaitzea, eta historian zehar hori egiteko gai izan den hirugarren taldea da. Balentria hori egin zuten aurreko bi taldeak Bayern Munich (2012/13) eta Real Madril (2017/18) izan ziren, eta, azkenerako, txapelketa irabazi zuten.
Erik ten Hag entrenatzaileak bere galako hamaikakoa zelairatu ahalko du, Nicolas Tagliafico hegaleko argentinarra eta David Neres aurrelari brasildarra barne, batak zein besteak gainditu egin baitituzte zituzten arazo fisikoak. Gainera, Ajaxek indarberrituta egingo dio aurre lehiari, Kopako txapelketa irabazi baitzuen asteburuan Willem II taldearen aurka (4-0).
Pochettinok Son erabili ahalko du
Bere aldetik, Tottenhamek oso erronka zaila dauka aurrez aurre, Txapeldunen Ligako finalerdietan etxean galdu duten taldeen artetik (17) bakarrak lortu du kanporaketa iraultzea. Hain zuzen ere, Ajax bera izan zen hori egiteko gai izan zena 1995/96 denboraldian, Panathinaikosen aurka (0-1 etxean eta 0-3 Grezian).
Son Heung-min hasierako hamaikakoan sartuko du Mauricio Pochettino entrenatzaile argentinarrak Fernando Llorenteren lekuan, joan zen astean zigortuta egon eta gero. Aurrelari hego-korearrak berebiziko garrantzia izan zuen Borussia Dortmunden eta Manchester Cityren aurkako kanporaketetan.
Haatik, Harry Kane, Davinson Sanchez eta Harry Winksek min hartuta jarraitzen dute. Bestalde, guztiz baztertu ez daudenak Jan Vertonghen, Erik Lamela eta Serge Aurier dira.
Fitxa teknikoa:
Ajax: Onana, Veltman, Blind, De Ligt, Tagliafico, De Jong, Schöne, Ziyech, Van de Beek, Tadic eta Neres.
Tottenham: Lloris, Trippier, Alderweireld, Vertonghen, Rose, Wanyama, Sissoko, Eriksen, Alli, Lucas eta Son Heung-Min.
Epailea: Felix Brych (ALE).
Futbol-zelaia: Johan Cruyff Arena.
Ordua: 21:00.