2-0
Liverpool, Europako txapeldun
Erredakzioa
Jurgen Kloppek zuzentzen duen taldeak, 2-0eko emaitzarekin irabazi dio finala Tottenhami. Bigarren minutuan epaileak Liverpoolen alde adierazi duen penalti eztabaidagarri batek baldintzatu du partida.
Liverpool da 2018-2019 Txapeldunen Ligako irabazlea, finala Tottenhami irabazita (2-0) Madrileko Wanda Metropolitano estadioan. Ondorioz, seigarren aldiz irabazi du Europako Kopa.
Mauricio Pochetino Tottenhameko entrenatzaileak hasierako hamaikakoan jarri du finala baino egun gutxi lehenagora arte min hartuta egon den Harry Kane, eta Jurgen Klopp Liverpooleko teknikariak gauza bera egin du Roberto Firminorekin. Bi taldeak erasokorrak izango zirela, eta partida irekia izango zela espero zen, baina guztiz kontrakoa izan da.
Neurketako bigarren minutuan, epaileak Liverpoolen aldeko penalti eztabaidagarri bat adierazi du, Maneren erdiraketa, Moussa Sissokok ustez eskuarekin moztu duelako. Mohamed Salahek egin du jaurtiketa, eta 1-0ekoa sartu du. Golak partida moteldu du, bizitu beharrean. Lehen zatian ia ez da golak sartzeko aukerarik egon. Nahiko lehen zati kaskarra eskain dute Liverpoolek eta Tottenhamek.
Bigarren zatian Kloppek Origi zelairatu du, neurketa kaskarra jokatu duen Firminoren ordez. Ondoren, James Milner ere sartu du, Georginio Wijnaldumen ordez. Pochettinok, aldiz, Ajaxen aurka hat-tricka sartu zuen Lucas Moura zelairatu du, 60. minutuan.
Bi entrenatzaileek aldaketak egin dituzten arren, norgehiagokak erritmo motela izaten jarraitu du. Milnerrek izan du Liverpoolen bigarren gola sartzeko aukera argienetako bat, baina haren jaurtiketa oso gutxigatik kanpora joan da. Azken txanpan erasora jo du Tottenhamek, eta atzean sartuta izan du Liverpool. Son Heung Minen jaurtiketa Alisson atezainak desbideratu du, baita jarraian Lucas Mouraren errematea harrapatu ere. Ericksenen falta jaurtiketa on bat ere desbideratu du Liverpooleko atezainak, bere taldea salbatuz.
Fernando Llorente zelairatu du Pochettinok azken minutuetan, baina Tottenhamek erasora jo du itsu-itsuan, eta Liverpoolek bigarren gola sartzea lortu du 87. minutuan, Origiren bitartez (2-0).
Fitxa teknikoa:
0 - Tottenham: Hugp Lloris, Kieran Trippier, Toby Alderweireld, Jan Vertonghen, Danny Rose; Moussa Sissoko (Eric Dier, 74. min), Harry Winks (Lucas Moura, 65. min); Dele Alli (Fernando Llorente, 81. min), Christian Eriksen, Son Heung Min eta Harry Kane.
2 - Liverpool: Alisson Becker; Trent Alexander Arnold, Joel Matip, Virgil Van Dijk, Andrew Robertson; Jordan Henderson, Fabinho, Georginio Wijnaldum (James Milner, 62. min), Mohamed Salah, Roberto Firmino (Divock Origi, 58. min) eta Sadio Mane.
Golak: 0-1, 2. min: Salah (penaltiz); 0-2, 87. min: Divock Origi.
Epailea: Damir Skomina (SVN).