5. jardunaldia
Multzoko lidertzak jokoan, Barça-Borussia Dortmund eta Liverpool-Napoli partidetan
Erredakzioa
Valentzia-Chelsea eta Zenit-Olympique Lyon partidekin hasiko da 5. jardunaldia, 18:55ean. Gainerako neurketa guztiak 21:00etan hasiko dira.
Asteazken honetan jokatuko dira Txapeldunen Ligako multzoen faseko bosgarren jardunaldiko azken partidak. Valentzia-Chelsea eta Zenit-Olympique Lyon neurketek emango diote hasiera jardunaldiari, 18:55ean. Gainerako norgehiagokak 21:00etan jokatuko dira.
Bartzelonak eta Borussia Dortmundek eguneko partida handienetako bat jokatuko dute Camp Non. Neurketa honetan, F multzoko lidertza egongo da jokoan, Barça liderra baita 8 punturekin eta Borussia Dortmund bigarrena, 7 punturekin. Multzoko beste partida Interrek (hirugarren, 4 punturekin) eta Slaviak (laugarren, 2 punturekin) jokatuko dute Pragan. Biek ala biek, garaipena behar dute hurrengo fasera sailkatzeko aukerekin jarraitzeko.
E multzoan, Liverpool-Napoli da norgehiagoka aipagarriena. Ingelesak daude lidertzan 9 punturekin eta italiarrak daude bigarren postuan, 8 punturekin. Genk (laugarren, puntu 1ekin) eta Salzburg (hirugarren, 4 punturekin) ariko dira nor baino nor multzo honetako beste norgehiagokan.
Gori-gorian da H multzoa, Ajax, Chelsea eta Valentzia berdinduta baitaude zazpina punturekin, eta Lille azken sailkatua da puntu bakarra erdietsi duelarik. Partida handiz betetako jardunaldi honi Valentzia-Chelsea gehitu behar zaio. Talde espainiarrak sailkapena lortuko luke garaipena eskuratuz gero. Bestalde, Ajaxek Lille izango du aurkari Frantzian jokatuko duen neurketan, eta garaipena du helburu lehen postuari eusteko.
Azkenik, G multzoan, Leipzig (9 puntu) liderrak Benficaren (laugarren, 3 punturekin) kontra jokatuko du Alemanian, eta garaipena lortuz gero, final-zortzirenetara sailkatuko da. Zenit-Olympique Lyon neurketan, Lyongo taldeak hurrengo faserako txartela lortuko du Moskuko norgehiagoka irabazten badu. Talde frantziarrak 7 puntu ditu, eta, errusiarrak 4 puntu.