Final-zortzirenak
Atleticok eta Borussiak aurrea hartu dute euren kanporaketetan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koltxoneroek 1-0 irabazi diote Liverpooli eta alemaniarrek PSG gainditu dute Haalandek sartutako bi golei esker (2-1).
Atletico Madrilek aurrea hartu dio Liverpooli Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan, Wanda Metropolitanon 1-0 irabazita, partida hasi eta berehala Saul Ñiguezek egindako golaren bitartez. Ondorioz, madrildarrek abantailarekin bidaiatuko dute martxoaren 11n Anfield Roaden jokatuko den itzuliko neurketara.
Saulek korner baten ostean galdutako baloi bat baliatu du bere taldea aurreratzeko, eta gol horrek lehia amaierara arte balio izan dio Atleticori, nahiz eta Alvaro Moratak aukera garbi bi izan dituen, bat zati bakoitzean. Thomas Lemar frantziarrak ere buruz buruko bat huts egin du Liverpoolen atezainaren aurrean.
Liverpoolen aukera apurrak, berriz, Mohamed Salah egiptoarraren erremate bat, Felipe brasildarrak desbideratu duena, eta gora joan den Jordan Hendersonen jaurtiketa bat baino ez dira izan.
Fitxa teknikoa:
1 - Atletico Madril: Oblak, Vrsaljko, Savic, Felipe, Lodi, Koke, Thomas, Saul, Lemar (Llorente, 46. min); Correa (Diego Costa, 76. min) eta Morata (Vitolo, 70. min).
0 - Liverpool: Alisson, Alexander-Arnold, Van Dijk, Gomez, Robertson, Henderson (Milner, 80. min), Fabinho, Wijnaldum, Salah (Oxlade Chamberlain, 72. min), Firmino eta Mane (Origi, 46. min).
Gola: 1-0, 4. min: Saul.
Epailea: Szymon Marciniak (Polonia). Txartel horiak: Correa (Atletico); Mane eta Joe Gomez (Liverpool).
Haalandek PSG menderatu du
Borussiak 2-1 garaitu du PSG. Argazkia: EFE
Jardunaldiko beste neurketan, Erling Haaland Norvegiako aurrelariak sartutako bi golek garaipena eman diote Borussia Dortmundi Paris Saint-Germainen aurka (2-1). Emaitza horrek estualdian jarri du Frantziako txapelduna, eta Printzeen Parkean izan ohi duen indarra erakutsi du beste behin, kanporaketari buelta eman nahi baitio.
Eskandinaviako jokalariak berretsi egin du Europako futbolean egiten ari den agerraldi ikusgarria, eta Kylian Mbapperen eta Neymarren jarduna estali du, nahiz eta eurak izan diren PSGren golaren protagonistak.
Horrenbestez, Haalandek dagoeneko 11 gol erdietsi ditu bere talde berriarekin jokatutako 7 partidetan (8 gol Bundesligan, 1 Kopan eta 2 Txapeldunen Ligan).
Fitxa teknikoa:
2 - Borussia Dortmund: Bürki, Piszczek, Hummels, Zagadou, Achraf Hakimi, Can, Witsel, Guerreiro, Sancho (Schmelzer, 91. min), Haaland eta Thorgan Hazard (Reyna, 67. min).
1 - PSG: Navas, Marquinhos, Thiago Silva, Kimbembe, Meunier, Gueye, Verrati, Kurzawa, Di Maria (Sarabia, 77. min), Neymar eta Mbappe.
Golak: 1-0, 69. min: Haaland. 1-1, 75. min: Neymar. 2-1, 77. min: Haaland.
Epailea: Antonio Mateu Laoz. Txartel horiak: Witsel eta Gueye (Borussia); Neymar, Meunier eta Verrati (PSG).