Final-zortzirenak
Atletico bizirik atera da Anfieldetik, eta PSGk Borussia kanporatu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Simeoneren taldea 2-0 joan da galtzen luzapenean, baina 2-3 nagusitu da azkenean; frantziarrek, berriz, kanporaketa irauli dute, 2-0 irabazita.
Atletico Madril Txapeldunen Ligako final-laurdenetara sailkatu da asteazken honetan, Liverpoolen aurka Anfielden 2-3 irabazita. Madrildarrak, ordea, lehiaketatik kanpo geratzeko zorian egon dira; izan ere, luzapenaren hasieran 2-0 galtzen joan dira. Alabaina, zelaian sartu berria zen Marcos Llorentek bi gol sartu ditu 96. eta 105. minutuetan, eta horrek erabaki du kanporaketa.
Simeonek zuzentzen duen taldearen sailkapenean ere zerikusi handia izan du neurketa osoan zehar Jan Oblak atezainak egindako. Partidako azken gola Alvaro Moratak sartu du.
Aurretik, 43. minutuan, Georgino Wijnaldumek erdietsi du etxekoentzat kanporaketa luzapenera eraman duen gola. Gerora, Firminok, luzapena hasi eta berehala, 2-0ekoa egin du. Gol horrek Jurgen Kloppen taldea hurrengo txandan jartzen zuen, baina Llorentek zapuztu duen ilusioa izan da.
Fitxa teknikoa:
2 - Liverpool: Adrian, Alexander-Arnold, Van Dijk, Gomez, Robertson, Henderson (Fabinho, 106. min), Wijnaldum (Origi, 106. min), Oxlade-Chamberlain (Milner, 81. min); Mané, Firmino (Minamino, 113. min) eta Salah.
3 - Atletico Madril: Oblak, Trippier (Vrsaljko, 90. min) Felipe, Savic, Lodi, Koke, Thomas, Saul, Correa (Gimenez, 106. min), Costa (Llorente, 56. min) eta Joao Felix (Morata, 103. min).
Golak: 1-0, 43. min: Wijnaldum. 2-0, 94. min: Firmino. 2-1, 97. min: Llorente. 2-2, 106. min: Llorente. 2-3, 120. min: Morata.
Epailea: Danny Makkelie (Herbehereak). Txartel horiak: Alexander-Arnold (Liverpool); Morata eta Saul (Atletico).
Paris Saint-Germainek final-zortzirenen mamua gainditu du
Neymarrek (ezkerrean) sartu du PSGren lehen gola. Argazkia: EFE
Bestalde, Paris Saint-Germain ere final-laurdenetarako sailkatu da Borussia Dortmund 2-0 mendean hartu ondoren, Neymar Juniorren eta Juan Bernaten golei esker, biak lehen zatian. Neurketa hutsik zegoen Printzeen Parkean lehiatu da, ateak itxita jokatu behar izan baita koronabirusen mehatxuagatik.
Horrenbestez, lehen final-laurdenak izango dira PSGrentzat 2016a geroztik, eta baita lehendabizikoak ere Neymar eta Kylian Mbapperekin indartu zenetik, hau da, historiako bi jokalari garestienak fitxatu zituenetik.
Fitxa teknikoa:
2 - Paris Saint-Germain: Keylor Navas, Kherer, Marquinhos, Kimpembe, Bernat, Di Maria (Kurzawa, 78. min), Gueye, Paredes (Kouassi, 92. min), Neymar, Sarabia (Mbappe, 63. min) eta Cavani.
0 - Borussia Dortmund: Burki, Piszczek, Hummels, Zagadou, Hakimi (Götze, 87. min), Witsel (Reyna, 71. min), Can, Guerreiro, Sancho, Haaland eta Hazard (Brandt, 69. min).
Golak: 1-0, 28. min: Neymar. 2-0, 46. min: Bernat.
Epailea: Anthony Taylor (Erresuma Batua). Txartel horiak: Bernat, Neymar, Marquinhos, Di Maria eta Mbappe (PSG); Haaland eta Hummels (Dortmund). Txartel gorriak: Emre Can (Dortmund).