5ª jornada
Barça aise nagusitu da Ferencvarosen aurka eta Chelseak Sevilla jipoitu du
Redacción
Borussia Dortmundek final-zortzirenetarako txartela lortu du Laziorekin bana (1-1) berdinduta. Olivier Giroudek lau gol sartu ditu Sanchez Pizjuan estadioan.
Txapeldunen Ligak gainditu du jada bosgarren jardunaldia, asteazken honetan E, F, G eta H multzoetako taldeek jokatu dituzten partidekin. Borussia Dortmundek final-zortzirenetarako txartela lortu du eta Olivier Giroudek (Chelsea) lau gol sartu ditu Sevillaren aurka.
E multzoan, Chelseak multzoko lehen postua bermatu du Sevillari irabazita (0-4). Julen Lopeteguik zuzentzen duen taldea bigarren sailkatu moduan pasako da final-zortzirenetara. Krasnodarrek garaipena lortu du Rennesen aurka (1-0) eta Europa Ligan jokatuko du.
Bartzelona aise nagusitu zaio Ferencvarosi (0-3) eta Kataluniako taldeak nahikoa du azken jardunaldian Juventusekin berdintzea G multzoko lider gisa bukatzeko. Hain zuzen ere, Juventusek irabazi egin dio Dinamo Kievi (3-0). Ferencvarosek eta Dinamo Kievek puntu bana dute eta azken jardunaldian Europa Ligara sailkatzea izango dute jokoan.
H multzoa, aldiz, gori-gori dago, bederatzina punturekin berdinduta baitaude Manchester United, PSG eta RB Leipzig. Jardunaldiko partida handia Old Trafforden jokatu da, eta PSGk irabazi egin dio Unitedi (1-3). Ikusgarria izan da baita Istanbul Basaksehir-Leipzig (3-4) norgehiagoka. Manchester Unitedek, PSGk eta Leipzigek jokoan izango dute final-zortzirenetarako txartela datorren asteartean eta Leipzig eta United elkarren aurka lehiatuko dira.
F multzoan, Borussia Dortmundek bana berdindu du Lazioarekin (1-1) eta final-zortzirenak jokatuko ditu, nahiz eta ez duen lehen postua bermatuta. Brujasek garaipena lortu du Zeniten aurka (3-0) eta hurrengo faserako txartela eskuratzeko aukera dute azken jardunaldian Lazio mendean hartuz gero.