Final-zortzirenak (itzulikoa)
PSGk final-laurdenetarako txartela eskuratu du Bartzelonarekin berdindu ostean
A. B. | EITB Media
Paris Saint-Germainek bana (1-1) berdindu du Barçaren aurka final-zortzirenetako itzuliko partidan. Joanekoan aise nagusitu zen (1-4) talde frantziarra. Liverpool ere aurrera, Leipzig kanporatuta.
PSG eta Liverpool taldeek Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako txartelak eskuratu dituzte asteazken honetan, Bartzelona eta Leipzig kanporatuta, hurrenez hurren.
Pariseko Printzeen Parkean neurtu dituzte indarrak Paris Saint-Germainek eta Barçak final-zortzirenetako itzuliko partidan, eta lehia bana (1-1) berdinduta amaitu da. Joanekoan PSG nagusitu zenez (1-4), aurrera egin du talde frantziarrak. Asteazken honetako neurketan PSGk sartu du lehen gola; Mbappek egin du 1-0ekoa, penaltiz, 30. minutuan. Zazpi minutu beranduago Messik banakoa (1-1) jarri du markagailuan. Atsedenaldira iritsi aurretik, epaileak Barçaren aldeko penaltia adierazi du, Messik jaurti, eta Keylor Navas atezainak gelditu egin du. Bigarren zatian, Bartzelona ez da gai izan PSG estutasunetan jartzeko, eta Frantziako taldeak eskuratu du final-laurdenetarako sailkapena.
Bestalde, Liverpoolek ere aurrera egin du Leipzigen aurkako partida 2-0eko emaitzarekin irabazita, Salaheren (1-0, 70. min.) eta Maneren (2-0, 72. min) golekin. Joaneko neurketa ere Ingalaterrako taldeak irabazi zuen 0-2ko emaitzarekin.