Finalerdiak (joanekoa)
Manchester Cityk garaipena lortu du PSGren aurka eta gertu du finalerako txartela
A. B. E. | EITB Media
Ingalaterrako taldeak 1-2ko emaitzarekin irabazi du Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partida.
Manchester Cityk garaipena lortu du Paris Saint-Germainen aurka (1-2) asteazken honetan Parisko Printzeen Parkean jokatu den Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partidan. Ingalaterrako taldeak abantaila lortu du datorren astean jokatuko den itzuliko norgehiagokarako.
PSGk hasiera bikaina eman dio partidari, eta abaguneak izan ditu. Etxeko taldearen gola Marquinhosek sartu du (1-0) 15. minutuan, Di Mariaren erdiraketa sare barrura errematatuta. Ondoren, atsedenaldira iritsi aurretik, PSG jaun eta jabe izan da, eta beste gol bat sartzeko aukerak izan arren, ez du aurkariaren atea zulatzea lortu.
Manchester Cityk lehen zati kaskarra egin du, baina bigarren zatian erasokor zelairatu da. Josep Guardiolak zuzentzen duen taldea baloiaren jabe egin da, eta 64. minutuan gola sartu du Kevin De Bruyneren bidez (1-1); belgikarrak hegaletik erdiratu du, eta baloia inork ukitu gabe sartu da sare barrura, zutoina urratuta eta Keylor Navas atezaina ezustean harrapatuta.
Markagailuan banakoa jarri eta zazpi minutura, Cityk bigarren gola sartu du; Mahrezek falta jaurtiketa baten bidez egin du 1-2koa. PSGk jarritako hesia zabaldu egin da, eta hortik aurkitu du zuloa jokalari aljeriarrak. Gainera, PSG jokalari bat gutxiagorekin geratu da azken txanpan, epaileak txartel gorria atera baitio Gueyeri, sarrera gogor bat egin ostean.
Fitxa teknikoa:
1- PSG: Navas; Florenzi, Marquinhos, Kimpembe, Bakker; Paredes (Ander Herrera, 83. min), Verratti, Gueye; Di Maria (Danilo, 80. min), Mbappé, Neymar
2- Manchester City: Ederson; Walker, Dias, Stones, Cancelo (Zinchenko, 61. min); Gundogan, Rodri, De Bruyne; Mahrez, Bernardo Silva, Foden.
Golak: 1-0, 15. min: Marquinhos; 1-1, 64. min: De Bruyne; 1-2, 71. min: Mahrez
Epailea: Felix Brych (ALE). Txartel horiak atera dizkie Paredes eta Neymar PSGko jokalariei, baita Cancelo eta De Bruyne Manchester Cityko futbolariei. Gainera, txartel gorria atera dio Gueyeri (PSG).