PSG, kanporatuta
Manchester Cityk finalerako txartela lortu du
A. B. E. | EITB Media
Ingalaterrako taldeak garaipena lortu du PSGren aurka (2-0) Txapeldunen Ligako finalerdietako itzuliko partida. Joanekoa ere irabazi egin zuen Cityk, 1-2ko emaitzarekin.
Manchester Cityk Txapeldunen Ligako finalerako txartela lortu du astearte honetan PSG mendean hartuta (2-0) finalerdietako itzuliko partidan. Joanekoa ere irabazi egin zuen (1-2) Ingalaterrako taldeak. Cityk lehen aldiz jokatuko du Championseko finala.
Partida hasieran PSG izan da nagusi eta markagailuan aurretik jartzeko aukerak izan ditu, baina ez du asmatu. Bi penalti eskatu dituzte Parisko taldeko jokalariek, eta epaileak bat adierazi den arren, baliogabetu egin du, VARa kontsultatu ostean. Ondoren, Marquinhosen errematea langara joan da. Manchester City gaizki pasatzen ibili da, eta momentu txarrenean gola sartu du; Ederson atezainak pase luzea eman dio Zinchenkori, honek erdiratu, De Bruyneren errematea Marquinhosek desbideratu du, eta Mahrezek 1-0ekoa sartu du, aldaratzea sare barrura bidalita.
Cityren golaren ostean, Josep Guardiolak zuzentzen duen taldeak huts handia egin du baloia ateratzerakoan, Di Mariak jaso du, baina argentinarrak kanpora bota du jaurtiketa, Ederson atezaina atetik kanpo zegoenean.
Bigarren zatian nagusi izan da Manchester City. PSG ezinean ibili da, eta ez du jaurtiketa ezta abagune bakar bat ere egin. Cityk abagune ugari izan ditu, eta saria 63. minutuan jaso du Mahrezek sartutako golari esker (2-0). Aljeriarrak amaiera bikaina eman dio Ingalaterrako taldeak antolatu duen kontraeraso biziari.
Manchester Cityren bigarren golak kanporaketa erabakita utzi du. PSGk itxura kaskarra eman du bigarren zatian eta azken minutuak futbolari bat gutxiagorekin jokatu ditu, Di Mariak txartel gorria ikusi baitu 69. minutuan.
Fitxa teknikoa:
2 - Manchester City: Ederson; Zinchenko, Dias, Stones, Walker; Silva (Sterling, 82. min), Fernandinho, Gündogan; Mahrez, De Bruyne (Jesus, 82. min) eta Foden (Aguero, 85. min).
0 - Paris Saint-Germain: Navas; Diallo (Bakker, 83. min), Kimpembe, Marquinhos, Florenzi (Dagba, 75. min); Paredes (Danilo, 75. min), Herrera (Draxler,.6. min2), Verratti; Neymar, Icardi (Kean, 62. min) eta Di Maria.
Golak: 1-0. Mahrez, 11. min eta 2-0. Mahrez, 63. min.
Epailea: Bjorn Kuipers. Txartel horiak atera dizkie Zinchenko (72. min) eta De Bruyne (74. min) Manchester Cityko jokalarie, baita Herrera (22. min), Verratti (71. min), Kimpembe (87. min) eta Danilo (89. min) PSGko futbolariei. Gainera, txartel gorria atera dio Di Maria (m.69) PSGko jokalariari.