Multzoen fasea
Barça-Bayern Munich, Txapeldunen Ligako lehen jardunaldiko partida handia
A. B. E. | EITB Media
Kataluniako taldeak Alemaniakoa izango du aurkari Camp Noun astearte honetan, 21:00etan. Multzoen faseko lehen jardunaldia 18:45ean hasiko da, Young Boys-Manchester United eta Sevilla-Salzburg partidekin.
Txapeldunen Ligako multzoen faseko lehen jardunaldia astearte honetan hasiko da. Lehen neurketak Young Boys-Manchester United eta Sevilla-Salzburg izango dira, 18:45ean.
Eguneko partida handia Bartzelonak eta Bayern Munichek Camp Noun 21:00etan jokatuko dutena da. Barçak oraindik gogoan du 2020ko abuztuaren 14an Bayernek final-laurdenetan sartu zion 2-8koa. Hala ere, alemaniarrak baja askorekin iritsiko dira lehia honetara. Koman, Tolisso, Upamecano, Müller eta Alphonso Davies min hartuta daude, eta ezingo dute jokatu. Bestalde, Lewandowskiren eta Gnabryren parte-harzea zalantzan dago. Barçak ez ditu jokatzeko prest izango Dembele, Ansu Fati, Aguero eta Braithwaite.
Egungo txapeldunak, Chelseak, tituluaren defentsari ekingo dio Zeniten aurka, bere zelaian, Londresko Stamford Bridgen.
Astearte honetako multzoen faseko lehen jardunaldiko beste partidak 21:00etan jokatuko dira. Hauek dira: Dynamo Kiev-Benfica, Vila-real-Atalanta, Lille-Wolfsburg eta Malmö-Juventus.