Lehen jardunaldia
Bayernek aise irabazi dio Bartzelonari
A. B. E. | EITB Media
Bayern Munichek 0-3ko emaitzarekin menderatu du Barça Camp Noun Txapeldunen Ligako lehen jardunaldian. Chelsea egungo txapeldunak garaipena lortu du Zeniten aurka (1-0) eta Young Boysek jardunaldiko ezustekoa eman du Manchester Unitedi irabazita (2-1).
Astearte honetan hasi da 2021-2022 denboraldiko Txapeldunen Ligako multzoen fasea, E, F, G eta H multzoetako partidekin. Ikuskizuna izan da nagusi, eta guztira 16 gol sartu dituzte.
Jardunaldiko partida handienean, Bayern Munichek mendean hartu du Bartzelona (0-3) Camp Noun. Alemaniako taldea jaun eta jabe izan da hasieratik amaieraraino, eta aise nagusitu da. Gol asko sartzeko abaguneak izan ditu Bayernek, baina zutoinak eta Ter Stegen atezainak eragotzi dituzte. Müllerrek sartu du norgehiagokako lehen gola, eta Lewandowskik egin ditu beste biak. E multzoko beste partidan, Dynamo Kievek eta Benficak 0-0 berdindu dute.
Bestalde, egungo txapeldunak, Chelseak, garaipenarekin ekin dio txapelketari, Zeniti 1-0eko emaitzarekin irabazita. Romelu Lukaku izan da golegilea. Ingalaterrako taldeak hiru puntu eskuratu ditu, baita Juventusek ere, Malmö 0-3ko emaitzarekin mendean hartu baitu, Alex Sandro, Dybala eta Morataren golei esker. Hori dela eta, Juventus eta Chelsea daude H multzoko lehen bi postuetan, hiruna punturekin.
Eguneko ezustekoa Young Boysek eman du Manchester United azpiratuta (2-1). Cristiano Ronaldok sartu du neurketako lehen gola Unitedentzat, baina 39. minutuan talde britainiarra jokalari bat gutxiagorekin geratu da, epaileak Wan-Bissaka egotzi baitu, eta bigarren zatian emaitza irauli du Suitzako taldeak Ngamaleuren eta Siebatcheuren golekin. Vila-realek eta Atalantak 2-2 berdindu dute F multzoko beste norgehiagokan.
Sanchez Pizjuan zelaian ikuskizun berezia izan da. Sevillaren eta Salzburgoren arteko neurketa 1-1 amaitu da, baina partidak denetarik izan du. Epaileak lau penalti adierazi ditu lehen 40 minutuetan; hiru Salzburgoren alde eta bat Sevillaren alde. Salzburgok huts egin du lehen penaltia, sartu egin du bigarrena eta alferrik galdu du hirugarrena. Sevillak, aldiz, ez du barkatu alde izan duen penaltia. G multzoko lau taldeak puntu banarekin berdinduta daude sailkapenean, Lille eta Wolfsburg taldeen arteko partida golik gabeko berdinketarekin (0-0) bukatu baita.
Lehen jardunaldiko partiden emaitzak:
E multzoa:
Bartzelona - Bayern Munich (0-3)
Dynamo Kiev - Benfica (0-0)
F multzoa:
Young Boys - Manchester United (2-1)
Vila-real - Atalanta (2-2)
G multzoa:
Sevilla - Salzburgo (1-1)
Lille - Wolfsburg (0-0)
H multzoa:
Chelsea - Zenit (1-0)
Malmö - Juventus (0-3)