2. jardunaldia
Juventus - Chelsea, talde handien arteko lehia
A. B. E. | EITB Media
Txapeldunen Ligako multzoen faseko neurketak jokatuko dira asteazken honetan. Vila-realek Manchester Unitedi egingo dio bisita eta Barçak ezin du kale egin Benficaren aurka, Lisboan.
Txapeldunen Ligako multzoen faseko bigarren jardunaldiko partidak jokatuko dira asteazken honetan. E, F, G eta H multzoetako taldeen txanda izango da.
Neurketa aipagarrienen artean dago Juventusek eta Chelseak Turinen jokatuko dute. Bi taldeek garaipena lortu zuten lehen jardunaldian, eta hiruna punturekin berdinduta daude H multzoko sailkapenaren buruan. Multzo honetako beste neurketan Zenitek eta Malmök neurtuko dituzte indarrak.
Jardunaldi garrantzitsua izango da Bartzelonarentzat. Kataluniako taldeak porrota jaso zuen Bayern Munichen kontra E multzoko estreinako partidan. Benfica izango du aurkari Barçak, Lisboan. Bestalde, Bayern liderrak Dinamo Kiev hartuko du etxean.
Asteazkenean jokatuko den beste norgehiagoka aipagarrienetako bat da Manchester Uniteden eta Vila-realen artekoa. Unitedek porrota jaso zuen lehen jardunaldian Young Boys F multzoko liderraren aurka, eta Castelloko taldeak berdindu egin zuen Atalantarekin. Young Boysek Atalantaren zelaian jokatuko du.
G multzoan parekotasuna da nagusi. Puntu banarekin berdinduta daude lau taldeak. Sevillak Alemanian jokatuko du Wolfsburgen aurka, eta Salzburgek eta Lillek Austrian jokatuko dute.