Final-zortzirenak (joanekoak)
Chelseak bideratuta utzi du Lilleren aurkako kanporaketa; Vila-realek eta Juventusek berdindu egin dute
EITB Media
Egungo txapeldunak 2-0eko emaitzarekin hartu du mendean Frantziako taldea Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partidan. Bestalde, Castelloko eta Turingo taldeen arteko norgehiagoka bana berdinduta (1-1) amaitu da.
Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko bi partida jokatu dira astearte honetan. Chelsea egungo txapeldunak bideratuta utzi du Lilleren aurkako kanporaketa, 2-0 irabazita; bestalde, Vila-realek eta Juventusek bana berdindu (1-1) dute.
Chelsea nagusi izan da Lilleren kontra Stamford Bridgen jokatu duen neurketan. Ingalaterrako taldearen lehen gola Kei Havertzek sartu du (1-0) 8. minutuan. Christian Pulisicek egin du 2-0ekoa, 63. minutuan. Abantaila polita erdietsi du Chelseak itzuliko partidarako.
Zeramika estadioan neurtu dituzte indarrak Vila-realek eta Juventusek. Italiako taldeak bikain ekin dio lehiari, Dusan Vlahovicek 32. segundoan gola sartu baitu. Neurketa parekatua eta erritmo bizikoa izan da. Dani Parejok banakoa jarri du markagailuan (1-1), 66. minutuan. Turinen jokatuko den itzuliko norgehiagokan erabaiko da bietako zeinek egiten duen aurrera.