Final-zortzirenak (joanekoak)
Berdinduta amaitu dira Atletico Madril-Manchester United (1-1) eta Benfica-Ajax (2-2) partidak
EITB Media
Atleticok bina berdindu du Unitedekin Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko norgehiagoka. Portugalgo eta Herbehereetako taldeen arteko neurketa banako emaitzarekin bukatu da.
Asteazken honetan jokatu dira Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko azken bi partidak. Atletico Madrilek eta Manchester Unitedek 2-2 berdindu dute, eta 1-1 amaitu da Benficaren eta Ajaxen arteko neurketa.
Madrilgo Wanda Metropolitano estadioan, Atletico Madrilek eta Manchester Unitedek neurtu dituzte indarrak. Talde koltxoneroa nagusi izan da jokoan, eta abagune argienak izan ditu. Atleticok bikain ekin dio partidari, Joao Felixek gola sartu baitu seigarren minutuan (1-0). Lehen zatian, jaun eta jabe izan da etxeko taldea, baina ez da gol gehiago sartzeko gai izan. Manchester Unitedek neurketa kaskarra jokatu du, nahiz eta bigarren zatian itxura hobea eman duen. Talde bisitariak arazo gehiago sortu dizkio Atletico Madrili bigarren 45 minutuetan, baina koltxoneroek nagusi izaten jarraitu dute. Simeonek zuzentzen duen taldeak kontrolpean izan du lehia; hala ere, 80. minutuan, Anthony Elangak banakoa jarri du markagailuan (1-1). Azken txanpan, Atleticok gola sartzeko abagune argia izan du, baina Griezmannek langara bidali du errematea.
Benficak eta Ajaxek Lisboako Da Luz estadioan jokatu dute. Dusan Tadicek sartu du norgehiagokako lehen gola (0-1) Herbehereetako taldearentzat, baina Portugalgo taldeak lehia berdindu du 25. minutuan, Sebastien Hallerrek bere atean sartutako golari esker (1-1). Lau minutu geroago, Ajaxen gola etorri da Hallerren bidez (1-2). Neurketako 72. minutuan, Benficak binakoa jarri du markagailuan, Roman Yaremchuken golari esker (2-2).