Itxi

Zigorra

Atletico Madrilek Metroplitano estadioaren sektore bat itxi beharko du Cityren aurkakoan, UEFAk aginduta

EITB Media

Leer en Castellano

Apirilaren 5ean Manchesterren jokatu zen Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joaneko partidan, Madrilgo taldeko zaleek Cityren estadioan izan zuten jarrera diskriminatzailearengatik zigortu du UEFAk Espainiako kluba. 5.000 pertsona biltzen dituen sektore bat ixtera behartuta dago.

Wanda Metropolitano estadioa. Argazkia: EFE

Atletico Madrilek Wanda Metropolitano estadioaren sektore bat itxi beharko du Manchester Cityren aurkako Txapeldunen Ligako final-laurdenetako itzuliko partidan, UEFAk hala aginduta. Talde espainiarraren eta ingelesaren arteko neurketa apirilaren 13an jokatuko da. Madrilgo taldeko jarraitzaileek Machesterreko Etihad Stadiumean izan zuten jarrera diskriminatzailearengatik erabaki du UEFAk Atletico Madril zigortzea.

Joaneko neurketa Manchester Cityk irabazi zuen 1-0eko emaitzarekin. De Bruynek Cityrentzat gola sartu zuenean, Atleticoko jarraitzaileak zeuden harmailatik jokalaria iraindu zuten, eta objektuak bota zituzten berdegunera. Gainera, zale batzuek keinu eta agur faszistak egin zituztela ere kontuan hartu du futboleko Europako erakunde nagusiak.

UEFAko Apelazio organoak astelehen honetan jakinarazi dio Atletico Madrili Wanda Metropolitanoaren zati bat itxi beharko duela apirilaren 13ko partidarako. Itxiko duen sektorea gutxienez 5.000 eserlekukoa izan beharko da. Gainera, UEFAren logotipoa daraman "Arrazismoari Ez" jartzen duen pankarta bat erakutsi beharko du.

Albisteak (2)