FINAL-ZORTZIRENAK
Bayernek eta Milanek aurrea hartu dute PSGren eta Tottenhamen aurka
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alemaniarrek eta italiarrek garaipena lortu zuten Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan. Lehenengoek etxetik kanpo egin zuten (0-1) eta bigarrenek euren zelaian jokatzen zutela baliatu zuten garaipena erdiesteko (1-0).
Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako kanporaketa ikusgarrienetako batean, Bayern Munichek irabazi zuen, gol bakarra eginda izan bazen ere, Paris Saint-Germainen etxean (1-0), eta abantaila polita eskuratu zuen Allianz Arenan jokatuko den itzuliko neurketarako.
Pandemia garaiko Txapeldunen Ligako finalean gertatu zen legez, Kingsley Coman frantziarrak sartu zion gola bere talde ohiari. Gol horrek Julian Nagelsmannen taldeak jokatutako norgehiagoka hobea saritu zuen. Izan ere, Christophe Galtierren mutilek lehiaren azken txanpan baino ez zuten erreakzionatu, Kylian Mbappe zelairatutakoan, hain zuzen ere. Leo Messik eta Neymarrek, ordea, parte-hartze txikia izan zuten.
Hala, partidako 53. minutuan, Comanek sareetara bidali zuen Daviesen erdiraketa bikaina, Donnarumma atezainak emandako erraztasunen aurrean.
Bestalde, Milanek ere abantaila hartu zuen bere kanporaketan, 1-0 irabazi baitzion San Siron Tottenham talde ingelesari, Brahim Diaz espainiarraren gol goiztiarrari esker.
Malagako erdilariaren golak italiarren alde erabaki zuen lehia. Milan ez da boladarik gozoena bizitzen ari, baina ez zuen estualdi handirik igaro erasoari begira kamuts jardun zuten ingelesen kontra.
A Serieko txapeldunak neurketari emandako hasiera ona aprobetxatu zuen Londresen defendatu beharko duen gola egiteko. Theo Hernandezek baloia bereganatu zuen 'Cuti' Romerorekin norgehiagokan, eta aurrez aurre geratu zen Forsterren aurka. Atezainak frantziarraren lehen jaurtiketa gelditu zuen, eta erreflexu onak erakutsi zituen Brahimen ondorengoa alderatzeko; hirugarrena, espainiarrak ateko marraren gainean jotako burukada, berriz, ez zuen gelditzerik izan.