Final-zortzirenak (joanekoak)
Benficak eta Borussia Dortmundek Txapeldunen Ligako final-laurdenetara sailkatzeko aurrerapausoa eman dute
EITB Media
Portugalgo taldeak 0 eta 2 irabazi dio Brujasi final-zortzirenetako joaneko partida, eta Alemaniakoak mendean hartu du Chelsea 1-0eko emaitzarekin.
Benficak eta Borussia Dortmundek Txapeldunen Ligako final-laurdenetara sailkatzeko aurrerapausoa eman dute asteazken honetan, otsailaren 15ean, final-zortzirenetako joanekoan Brujas eta Chelsea mendean hartuta, hurrenez hurren.
Eguneko norgehiagoka handian, Borussia Dortmundek 0-1 irabazi dio Chelseari. Partida parekatua izan da, bi taldeek izan dituzte golak sartzeko abaguneak, baina Karim Adeyemik 63. minutuan sartutako golak erabaki du lehia. Chelsearen gola sartzeko aukera onenak Joao Felixek eta Enzo Fernandezek izan dituzte; Ingalaterrako taldeak, ordea, ezin izan du aurkariaren atea zulatu.
Bestalde, Benficak bideratuta utzi du hurrengo faserako txartela Brujasi 0 eta 2 irabazita Belgikan. Portugalgo taldearen lehen gola Joao Mariok sartu du, penaltiz, 53. minutuan, eta David Neresen golak biribildu du Lisboakoen garaipena, 88. minutuan.