Itxi

Finalerdiak (joanekoa)

Interrek Txapeldunen Ligako finalera sailkatzeko aurrerapausoa eman du, Milani derbia irabazita

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Inter Milanek 0-2 irabazi dio Milani finalerdietako joaneko 'Madonninako derbia'. Ondorioz, abantaila polita lortu du itzuliko neurketarako.

Inter Milaneko jokalariak Dzekok Milani sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Inter Milanek 0-2 garaitu du Milan asteazken honetan, maiatzaren 10ean, San Siron jokatutako Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partidan. Ondorioz, Interrek aurrerapausoa eman du finalera sailkatzeko.

Hasieratik nagusitu da Inter, eta zortzigarren minutuan, 0-1ekoa jarri du markagailuan Dzekok, area barruan erremate bikaina eginda. Gainera, hiru minutu geroago, Mkhitaryanek bigarren gola sartu du (0-2). Milanek erraztasunak eman dizkio aurkariari, eta jokalari armeniarrak ez du oparia alferrik galdu.

Milani oso maldan gora jarri zaio norgehiagoka, eta zortea izan du, 20. minutuan Interrek izandako gol aukera ez baitu gauzatu; Calhanogluren jaurtiketak zutoina jo du. Lehen zatiko azken ordu-laurdenean, Milan hobeto jokatzen hasi da, baina ezin izan du aurkariaren atea zulatu.

Atsedenaldiaren ostean, Milan izan da baloiaren jabe, eta 'rossonero'ak desabantaila murriztetik gertu egon dira; Tonaliren jaurtiketak, ordea, zutoina jo du, eta ez da ate barrura sartu.

Ekinean jarraitu du Milanek, baina Interrek ondo eutsi dio. Hala, Interri gehien interesatzen zitzaion erritmoa hartu du partidak. Milan ezinean ibili da, eta, amaieran, Interrek lortu du garaipena, 0-2ko emaitzarekin.

Bi taldeek datorren astean jokatuko dute finalerdietako itzuliko partida. Estadio berean jokatuko dute (Guiseppe Mezza izena hartzen du Interrek etxean jokatzen duenean), maiatzaren 16an, eta orduan argituko da bietako zeinek lortzen duen final handirako txartela.

Fitxa teknikoa:

0. Milan: Maignan; Calabria (Kalulu, 82. min), Kjaer (Thiaw, 59. min), Tomori, Theo; Tonali, Krunic, Bennacer (Messias, 18. min); Brahim (Pobega, 82. min), Giroud eta Saelemaekers (Origi, 59. min).

2. Inter Milan: Onana; Darmian, Acerbi, Bastoni; Dumfries, Barella, Calhanoglu (Gagliardini, 78. min), Mkhitaryan (Brozovic, 62. min), Dimarco (De Vrij, 70. min); Dzeko (Lukaku, 70. min) eta Lautaro (Correa, 78. min).

Golak: 0-1, 8. min: Dzeko; 0-2, 11. min: Mkhitaryan.

Epailea: Jesus Gil Manzano (ESP). Txartel horia atera die Krunic (47. min) eta Tomori (64. min) Milaneko jokalariei, baita Mkhitaryan (48. min) Interreko futbolariari ere.

Albisteak (3)