Itxi

Multzoen fasea

Manchester Cityk markagailua irauliz hasi du tituluaren defentsa, eta Bartzelonak 5 gol sartu dizkio Anberesi

Agentziak | EITB MEDIA

Pep Guardiolaren taldeak 3-1 irabazi dio Izar Gorria Belgraderi, galtzen hasi arren. Bartzelonak, bere aldetik, 5-0 hartu du mendean Amberes, Joao Felix (2), Lewandowski, Bataille eta Gavi jokalarien golei esker.

Nathan Ake (Manchester City) eta Jean-Philippe Krasso (Red Star), multzoen faseko partidan. EFE

Izar Gorria taldea 3-1 mendean hartuta ekin zion Manchester Cityk Txapeldunen Ligaren tituluaren defentsaren bideari astearte honetan. Premier Leagueko txapeldunak espero baino gehiago sufritu zuen Europako txapelketa gorenean orain arte erakutsitako mailari eusteko. Izan ere, Serbiako taldeak aurrea hartu zion atsedena baino lehen, Bukariren gol batekin.

Pep Guardiolaren taldearen erreakzioa atsedenalditik bueltan iritsi zen. Julian Alvarez argentinarrak bi gol sartu zituen bigarren zatia hasi bezain pronto (2-1), eta Rodri Hernandez erdilaria arduratu zen partida erabakita uzteaz, hirugarren gola eginda. Cityren taldeko arerio nagusiak, RB Leipzigek, 3-1 irabazi zion etxean Young Boys Suitzako taldeari.   

Bestetik, Bartzelonak ere bikain hasi zuen Txapeldunen Liga, bost gol sartu baitzizkion Anberesi, Joao Felixen gidaritzaz. Hala, Ligan Betisen kontra erakutsitako sentsazio onak berretsi zituzten Xabi Hernandezen gizonek, eta final zortzirenetako ibilbidea ederki hasi zuten. Joao Felixek bi gol sartu zituen; bana, berriz, Lewandowskik, Bataillek eta Gavik.

Astearteko gainerako emaitzei dagokienez, Paris Saint-Germainek 2-0 irabazi zion Borusia Dortmundi, estuasunik gabe, joan den asteburuan Nizan jasandako porrota ahaztuta. Parisko taldeak ezin izan zuen aurkariaren lana zapuztu lehen 45 minutuetan hiru puntuak eramateko, baina bai bigarren zatian. Izan ere, Kylian Mbappek aurreratu zuen taldea penaltiz. Ondoren, Achraf Hakimik egin zuen bigarrena.

Milan eta Newcastle taldeen arteko norgehiagoka golik gabe amaitu zen San Siro estadioan. Italiako ekipoak aukera ugari izan zituen garaipena erdiesteko, lehen zatian batez ere. Stefano Pioliren gizonek zortzi aldiz jaurti zuten arren, Nick Pope atezainak gelditu zituen aukerak.

Horrez gain, Oporto izan zen nagusi Donetskeko Shakhtarren kontrako partidan (1-3). Galenok bi gol sartu zituen, eta lehen ordu erdian egin zituzten guztiak. Atletico Madrilek bana berdindu zuen Laziorekin, Ivan Provedel atezainak 95. minutuan sartutako golagatik. Cholo Simeonek zuzentzen duen taldeak garaipen bakarra sinatu du Txapeldunen Ligako lehen partidan azken bost denboraldietan.

Azkenik, Feyenoordek lehen hiru puntuak bereganatu zituen Celtic garaituta. Bi jokalari kanporatu zituzten bigarren zatian: Lagerbielke eta Holm.