Itxi

Final zortzirenak

Portok gol bateko aldea lortu du Arsenal aurkari (1-0); Napolik eta Bartzelonak berdindu egin dute (1-1)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Porto-Arsenal eta Napoli-Bartzelona neurketek itxi dituzte Txapeldunen Ligako final zortzirenetako joaneko partidak. Galenok sartu du Portoren gola, luzapenean, eta Lewandowskik eta Osimhenek egin dituzte Napolin ikusitakoak.

Galeno Portoko aurrelaria, partidako jokaldi batean; berak egin du gol bakarra. Argazkia: EFE.

Portok 1-0 menderatu du Arsenal, eta Napolik eta Bartzelonak 1-1 berdindu dute, asteazken gauean, 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligako final zortzirenetako joaneko partidetan. Portugalen jokatutako neurketan, Wenderson Galenok egin du Portoren gola, luzapenean, eta Italian izandako norgehiagokan, ordea, Robert Lewandowskik aurretik jarri du Bartzelona, eta Victor Osimhenek sartu du banakoa.

Testuinguru horretan, Portok gol bateko aldea eskuratu du Arsenalen aurkako partidan, Do Dragao futbol zelaian. Gola 94. minutuan izan da; Galenok jaurtiketa bikaina egin du areaz kanpotik, eta ezin hobeto gainditu du David Raya Ingalaterrako taldeko atezaina.

Portoren eta Arsenalen arteko norgehiagokan nahiko parean ibili dira bi taldeak, baina Galenoren gol hori erabakigarria izan liteke, itzuliko partidari begira. Hori martxoaren 12an jokatuko dute, Londresen.

Diego Armando Maradona zelaian, Espainiako Ligako eta A Serieko indarreko txapeldunen arteko lehian, Bartzelona Napoli baino gehiago izan da, eta 60. minutuan lortu du markagailuan aurretik jartzea, Lewandowskik trebetasun handiz sartutako gol baten bidez. Italiako taldeak 75. minutuan jarri du berdinketa, Osimhenek indar nabarmena erakutsi duen jokaldi batean.

Napolik eta Bartzelonak Lluis Companysen jokatuko dute sailkatzea. Argazkia: EFE.

Hala, Bartzelonak eta Napolik Lluis Companysen zehaztuko dute zer taldek egiten duen aurrera, martxoaren 12an horiek ere.

Albisteak (3)