Itxi

Final laurdenak

Bayern Munich eta Real Madril Txapeldunen Ligako finalaurrekoetan dira, eta elkarren kontra jokatuko dute

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bayern Munichek Arsenal kanporatu du, Londreseko taldea final laurdenetako itzuliko partidan 1-0 menderatuta, eta Real Madrilek, ordea, Manchester City utzi du kanpo, penalti jaurtiketetan; izan ere, luzapena amaituta, Etihad Stadiumeko neurketa bana bukatu da. Finalerdia Munichen hasiko da.

Real Madrileko jokalariak, Rudigerrek azken penaltia sartuta. Argazkia: EFE.

Bayern Munich eta Real Madril 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligako finalerdietarako sailkatu dira, asteazkenean, final laurdenetan hurrenez hurren Arsenal eta Manchester City kanporatuta. Hain zuzen ere, asteazkenean jokatutako itzuliko partidetan, Bayern Munichek 1-0 menderatu du Arsenal Munichen, Londresen izandako binakoaren ostean, eta Real Madrilek penalti jaurtiketetan hartu du mendean Manchester City, Ingalaterrako partidan bana egin ostean eta Madrilgo norgehiagokan bi taldeek hiruna eginda.

Munichen, Bayern Munichek eskuratu du Txapeldunen Ligako finalerdietarako txartela, Mikel Artetaren Arsenal kanporatuta. Londresen jokatutako joaneko partidan bina egin zuten, eta, horrenbestez, dena zabalik zegoen itzulirako. Thomas Tuchelek zuzentzen duen taldea, Alemaniako Ligan, Xabi Alonsoren Bayer Leverkusenek menderatu du, baina Txapeldunen Ligan erdietsi du baliatzea kanporaketako norgehiagoka erabakigarria etxean jokatuko zuela.

Joshua Kimmichek sartu du, 63. minutuan, Bayern Munich finalaurrekoan jarri duen gola. Alemaniako taldeak 2019-20 denboralditik ez zuen jokatzen finalerdia Txapeldunen Ligan; orduan, titulua irabazi zuen.

Kimmich, Bayern Munichen gola sartuta. Argazkia: EFE.

Bitartean, Manchesterren, Etihad Stadium futbol zelaian, Real Madrilek 12. minutuan sartu du 0-1ekoa, Rodrygoren bidez; gol horrek finalerdian jartzen zuen Madrilgo taldea, kontuan izanik joanekoan berdinketa izan zela, baina Manchester Cityk, 76. minutuan, De Bruyneren bitartez, 1-1ekoa sartu du. Kanporaketa luzapenera joan da, eta luzapen horretan ez da golik izan; hortaz, penalti jaurtiketetan erabaki da irabazlea.

Real Madrilek ez du sartu jaurti duen lehenengo penaltia, baina Manchester Cityk bitan huts egin du, bigarrenean eta hirugarrenean, Lunin atezainak gelditu baititu. Hala, Rudigerrek hartu du bere gain Madrilgo taldearen azken penaltia jaurtitzeko ardura; atzelari alemaniarrak gola egin du, eta Real Madril finalerdian da.

Beraz, hauek dira 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligako bi finalaurrekoak: Borussia Dortmund-Paris Saint-Germain, eta Bayern Munich-Real Madril. Joaneko partidan lehenengo adierazitako taldeen zelaietan jokatuko dituzte, apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean, eta itzulikoa hurrengo astean izango da.

Albisteak (1)