1. jardunaldia
Bayern Munichek emaitza historikoa lortu du Txapeldunen Ligan, Dinamo Zagreb 9-2 menderatuta
EITB Media
Bayern da UEFA Champions League txapelketaren historian partida bakarrean bederatzi gol sartu dituen talde bakarra. Gainera, garaipen horri esker, sailkapeneko liderra da.
Bayern Munichek garaipen historikoa lortu du 2024-2025eko Txapeldunen Ligan, Dinamo Zagreb 9 eta 2 menderatuta. Irailaren 17an hasi zen txapelketa, formatu berriarekin; azken urteetan izan duenaren aldean ezberdina. Dinamo Zagrebi sartutako 9-2koarekin, Bayern da UEFA Champions Leagueko historian partida bakarrean bederatzi gol sartu dituen talde bakarra.
Txapeldunen Liga berria 36 taldek osatzen dute. Guztiek zortzi partida jokatuko dituzte (lau etxean eta lau kanpoan), eta zortzi jardunaldiak jokatutakoan, sailkapeneko lehen zortzi taldeak zuzenean sailkatuko dira final-zortzirenetara. Horrez gain, 9. eta 24. postuen artean geratzen direnak elkarren aurka lehiatuko dira (9.a vs 24.a, 10.a vs 23.a, eta horrela hurrenez hurren) play-offean, eta joaneko eta itzuliko norgehiagokak jokatu beharko dituzte. Play-offeko irabazleak final-zortzirenetara sailkatuko dira eta hortik finalerdietara arte, biak barne, kanporaketek joaneko eta itzuliko lehiak izango dituzte. Azkenik, sailkapeneko 25. eta 36. postuen artean geratzen direnak, txapelketatik at geratuko dira.
Estreinako jardunaldiko lehen sei partidetako kontu azpimarragarriena da Bayern Munichek Allianz Arenan Dinamo Zagreben aurka (9-2) erdietsitako garaipena. Hala, bada, Bavariako taldeak 2020an Lisboan Bartzelonaren kontrako final-laurdenetan lortutako 2-8ko emaitza hobetu du. Gainera, Harry Kanek lau gol sartu zituen Dinamo Zagreben aurka; horietatik hiru, penaltiz.
Bestalde, Unai Emery buru duen Aston Vilak 0-3 irabazi zion Young Boysi, Real Madrilek Stuttgart menderatu zuen (3-1), Juventusek PSV Eindhoveni irabazi zion (3-1), Liverpoolek garaipena lortu zuen Milanen aurka (1-3) eta Sporting Lisboak hiru puntuak eskuratu zituen Lilleren kontra (2-0).