1. JARDUNALDIA
Bartzelonak porrotarekin debutatu du, Leverkusen bikain estreinatu da eta Arsenalek golik gabe berdindu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Xabi Alonsoren Bayer Leverkusenek 0-4 jipoitu du Feyenoord, eta Mikel Artetaren Arsenalek punto batekin konformatu behar izan du.
Bartzelonak porrotarekin debutatu du Txapeldunen Ligan, Monakoko Luis II.a Estadioan (2-1), 11. minututik jokalari bat gutxiagorekin jokatuta, Eric Garciak txartel gorria ikusi baitu.
Monako aurreratu da Aklioucheren gol batekin, baina Lamine Yamalek berdinketa jarri du markagailuan ordu erdi betetzear zenean. Katalanek 70. minutura arte eutsi diote emaitzari, Ilenikhenak garaipenaren gola sartu duen arte.
Atletico-Leipzig partidan, Gimenez agertu da taldea salbatzera partida berdinduta amaitzekoa zenean, ia azken hasperenean, Antoine Griezmannen pasea jaso ondoren. Baloia Leipzigen atean sartu du bere taldeari garaipena emateko (2-1). Aurretik, frantziarrak sartu du lehen gola.
Mikel Artetaren Arsenalek 0-0 berdindu du Atalantarekin, David Raya atezain espainiarra protagonista izan duen partidan, eta Xabi Alonsoren Bayer Leverkusenek 0-4 jipoitu du Feyenoord.
Bai Artetak bai Gian Piero Gasperinik ondo asmatu dute aurkariari bere jokoa egiteko trabak jartzen, baina Atalantak aurrera egin du. Lehen zatia hobeto bukatu du etxeko taldeak, eta, bigarren ekitaldiaren hasieran, jokaldirik garrantzitsuena iritsi da, Rayak bi geldiketa bikain egin baititu.
Espainiako atezainak penalti bat gelditu dio Mateo Reteguiri, eta baloia aldaratu ostean, baita errematea ere. Arsenalek ez du arintasunik aurkitu bere jokoan, eta golik gabeko estreinaldia ontzat eman behar izan du, puntu bakarra eskuratuz.
Bitartean, Leverkusenek suziri bat bezala hasi du txapelketa, De Kuip estadioan, gol zaparrada batekin. Florian Wirtz eta Victor Bonifaceren golak (bakoitzak bi egin ditu) Bundesligako txapeldunaren aurkezpena izan dira.
Gainerako partidetan, Benficak 1-2 irabazi dio Izar Gorriari, eta Brestek 2-1 irabazi dio Sturm Grazi.