Itxi

Txapeldunen Liga

Manchester Cityk eta Real Madrilek galdu egin dute Txapeldunen Ligako laugarren jardunaldian

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Pep Guardiolak entrenatzen dituen gizonek 4-1 galdu zuten Sporting Portugalen aurka; Real Madrilek, berriz, 1-3, Milanen kontra.

Sporting Portugal-Manchester City partidako irudia. EFE

Manchester Cityk lehen aldiz galdu du Europan denboraldi honetan, 2024-25 Txapeldunen Ligako laugarren jardunaldian, Sporting Portugalen kontra. Viktor Gyökeres suediarra izan zen Portugalgo taldearen garaipena bideratu zuen jokalaria, hat tricka eginda hondoratu zituen eta ingelesak. Real Madrilek ere ezin izan zuen ezer egin Milanen aurrean, 1-3 galduta, neurketa osoan atzetik joan ostean. Malick Thiaw, Alvaro Morata Real Madrileko jokalari ohia eta Tijani Reijnders izan ziren golegileak.

Orain arteko lau jardunaldietan nagusi izanda, Liverpool dago sailkapenaren lehen tokian. Astearte honetan, Xabi Alonsoren Bayer Leverkusen garaitu zuen Anfielden; horrenbestez, Arne Sotek entrenatzen duen taldea liderra da, 12 punturekin, Sportingek baino bi gehiago.

Horrez gain, Monacok Bolonia menderatu zuen, Thilo Kehrerek 87. minutuan sartutako gol batekin (0-1), eta hirugarren dago. Borussia Dortmund da laugarren orain, atzo azken minutuan Sturm Grazi irabazita (1-0). Donyell Malen izan zen golegilea.

Bestetik, Glasgowen, Celticek atzean utzi zituen azken bi jardunaldietako porrotak, oraindik punturik eskuratu ez duen RB Leipzigi irabazteko (3-1). Christoph Baumgartnerek aurretik jarri zuen Alemaniako taldea, baina Nicolas Kühnek egindako bi golek irauli zuten markagailua, atsedenaldira iritsi baino lehen. 72. minutuan, Reo Hatatek sartu zuen eskoziarren hirugarrena.

Azkenik, Lillek eta Juventusek berdinketarekin amaitu zuten Pierre-Mauroy zelaian jokatutako norgehiagoka. Jonathan Davidek sartu zuen etxekoen lehen gola lehen ordu erdia baino lehen; ondoren, bigarren zatian, Dusan Vlahovicek berdinketa lortu zuen 'Vecchia Signora'rentzat. Dinamo Zagrebek garaipenarekin amaitu zuen etxean Slovan Bratislavaren aurrean (1-4), eta Gironak, berriz, galdu egin zuen PSVren aurka (4-0). 

Albisteak (6)