Itxi

4. Jardunaldia

Atletico Madrilek PSGri irabazi dio, eta Inter Milanek Arsenali

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Unai Emeryren Aston Villak galdu egin zuen Brujasi egindako bisitan, penalti bitxi baten ondorioz; izan ere, Tyrone Mingsek eskuarekin hartu zuen 'Dibu' Martinez atezainak pasatako baloia.

Atletico Madrilen eta PSGren partidako argazkia

Atletico Madrilek Paris Saint-Germain mendean hartu zuen asteazken honetan, 1-2, Txapeldunen Ligako laugarren jardunaldian, Angel Correak luzapenean sartutako gol bati esker. Cholo Simeonek entrenatzen duen taldeak sei puntu ditu orain; PSG, ostera, lau punturekin, oraingoz lehen 24 sailkatuetatik kanpo dago.

Mikel Artetaren Arsenalek, bestetik, ezin izan zuen Inter Milan menderatu. Italiarrek Europan galdu gabe jarraitzen dute denboraldi honetan, hiru garaipen eta berdinketa bat eskuratuta. Arsenalek gehiago merezi izan zuen arren, ez zen gai izan sasoi honetan partida bakarra galdu duen Interri irabazteko: azken bederatzi neurketetatik zortzitan izan da nagusi. Hamar punturekin, sailkapenean zortzi talde onenen artean dago; zazpirekin daude, berriz, ingelesak.

Unai Emeryren Aston Villak galdu egin zuen Brujasi egindako bisitan (1-0), penalti bitxi bat tarteko: Tyrone Mingsek eskuarekin hartu zuen bere area barruan 'Dibu' Martinez atezainak egindako sakea. Horrenbestez, Brujasek sei puntu ditu, eta 22. dago.

Halaber, Brestek erakutsi egin du txapelketako edizio honetan gainerakoak aho bete hortz uzten jarraituko duela, jokatutako lau neurketetatik hiru irabazita: 1-2 garaitu zuen Sparta Praga. Bartzelona ere bolada onari eusten ari zaio, 2-5 gailendu baitzizaion Izar Gorria Belgraderi, eta final zortzirenetarako sailkatzeko eremuan kokatu.

Atalantak ere ez du oraindik galdu, Stuttgarten kontra 0-2 irabazi eta gero; Shaktar nagusi izan zen Young Boysen aurrean (2-1) eta Salzburgok Young Boys menderatu zuen (1-3). Azkenik, Bayern Munichek neurria hartu zion Benficari, 1-0.

Albisteak (8)