Final-zortzirenak

Real Madrilek Atletico kanporatu du penaltietan; Arsenal, Aston Vila eta Dortmund ere, final-laurdenetara

EITB Media

Leer en Castellano

Talde merengeak Atletico Madril kanporatu du final-zortzirenetan. Neurketako arauzko 90 minutuak koltxoneroen aldeko 1-0ekoarekin amaitu dira; hala, bada, kanporaketa berdindu du Atleticok. Luzapenean ez da golik egon, eta penaltietan Real Madril nagusitu da (2-4).

Atlético Madril vs. Real Madril Atlético Madril vs. Real Madril

Real Madrileko jokalariak, garaipena ospatzen; Atletico Madrilekoak, burumakur. Argazkia: EFE

Real Madril, Arsenal, Aston Vila eta Borussia Dortmund Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako sailkatu dira, martxoaren 12ko final-zortzirenetako kanporaketak gaindituta.

Atletico Madrilen eta Real Madrilen arteko derbia izan da partidarik zirraragarriena. Metropolitanon Atleticok aurrea hartu du Gallagherren golari esker (1-0), 37. minutuan. Horrela, koltxoneroek kanporaketa berdintzea lortu dute; joanekoan Real Madril nagusitu zen, 2-1. Bigarren zatian Viniciusek penalti bat huts egin du, zuzenean kanpora bota du eta. Neurketako arauzko 90 minutuak koltxoneroen aldeko 1-0ekoarekin amaitu dira; ondorioz, norgehiagoka luzapenera joan da. Luzapeneko 30 minutuetan ez da golik egon eta kanporaketa penaltietan erabaki da. Mbappe eta Sorloth izan dira lehen jaurtitzaileak eta ez dute errukirik izan (1-1). Real Madrileko bigarren jaurtitzailea Bellingham izan da eta ingelesak Oblak gainditu du (1-2). Ondoren, Julian Alvarezen txanda izan da; argentinarrak gola sartu du, baina jaurtiketan irrist egin du, eta baloiak bi oinetan jo duenez Courtois gainditu aurretik, VAR sistemak jokaldia berrikusi du, eta gola ezeztatu dute. Hala, bada, talde merengeak abantaila hartu du. Fede Valverdek eta Correak ere golak sartu dituzte (2-3), baina Lucas Vazquezek eta Llorentek huts egin dituzte. Rudigerrek jaurti du Real Madrilen bosgarren penaltia, eta erdiko atzelari alemaniarrak garaipena eman dio bere taldeari (2-4), Oblak gaindituta.

Arsenal, Aston Vila eta Borussia Dortmund,final-laurdenetara

Arsenal, Borussia Dortmundekin eta Aston Vilarekin batera, final-laurdenetan izango dira. Mikel Artetak zuzentzen duen Londreseko taldeak 2-2 berdindu du PSV Eindhovenekin, baina joanekoa 1-7 irabazi eta kanporaketa gainditu du. Unai Emeryren Aston Vilak garaipena lortu du Brujasen aurka (3-1); joanekoa ere irabazi egin zuen (1-3), eta, hortaz, hurrengo kanporaketarako sailkatu da. Britainia Handiko bi taldeekin batera, Borussia Dortmund egongo da final-laurdenetan. Alemaniako taldeak 1-2 irabazi dio Lilleri; joanekoan bana (1-1) berdindu zutenez, Kovacek zuzentzen duen taldeak egin du aurrera.

Albisteak (3)