Spartak-Bartzelona (0-3)
Messik Barça final-zortzirenetan sartu du
Erredakzioa
Bartzelonak Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako sailkapena lortu du Moskuko Spartaki Luzhniki futbol-zelai hotzean irabazi eta gero (0-3).
Moskuko Spartak: Dykan; Makeev, Insaurralde, Suchy, D.Kombarov; Carioca (Bryzgalov, 75. minutua), Kllstrm; K.Kombarov (Welliton, 63. minutua), Jurado, Ari; eta Emenike (Ananidze, 64. minutua).
Bartzelona: Valdes; Alves, Pique, Mascherano, Alba (Montoya, 87. minutua); Busquets, Xavi (Song, 81. minutua), Cesc; Pedro (Deulofeu, 85. minutua), Messi eta Iniesta.
Golak: 0-1. 16. minutua, Alves. 0-2. 27. minutua, Messi. 0-3. 39. minutua, Messi.
Bartzelonak Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako sailkapena lortu du Moskuko Spartaki Luzhniki futbol-zelai hotzean irabazi eta gero (0-3). Horrela, Barçak lehen postua ia bermatu du, azken jardunaldian ezustekorik baldin ez badago. Lehen zati anbiguo batean norgehiagoka erabaki du Kataluniako taldeak. Spartakek porrotarekin agur esan dio lehiaketari.
Nahiz eta garaipena lortu eta markagailuak erraztasuna erakutsi, Barça estuasunetan jartzeko abaguneak izan dituzte Spartaken aurrelariek, baina ez dute asmatu ate aurrean. Izan ere, Bartzelona lehen zatian hautsita egon da zelai erdian eta Unai Emeryren jokalariek bi aukera argi izan dituzte neurketaren norabidea aldatzeko.
Ez dute asmatu eta Barça, ostera, oso fin aritu da erasoan. Celtic Parken izan ez zuten eraginkortasuna izan dute kataluniarrek Errusian. Jokaldiak eta kontraerasoak lotu ditu Bartzelonak, eta Luzhniki futbol-zelaia hotzago utzi du lehen zatian. Bigarren zatia oso ezberdina izan da eta Barça aldea kudeatzera mugatu da.
Leo Messik bi gol sartu ditu gaurkoan, eta hirugarrena ere gertu izan du. Talde kataluniarrak zuzen jokatu eta Spartak ezustean harrapatu du. Horrela, azken jardunaldia iritsi baino lehen sailkapena baieztatu dute blaugranek.