Motoziklismoa
Efren Vazquezek proba-gidari lanak egingo ditu KTM taldearentzat Moto3ko Mundialean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Horrez gain, Espainiako Abiadura Txapelketan arituko den LaGlisse taldearentzat aholkulari lanak egiten jarraituko du.
Efren Vazquez bizkaitarra, 2016ko denboraldian motoziklismoko mundiala korritzeari utzi ostean, KTM taldearen proba-gidaria izango da 2018ko Moto3ko Mundialean.
"Ilusioz beteriko proiektua da, KTM bezalako marka garrantzitsu batek guregan erabateko konfiantza duela esan nahi baitu 2018ko euren Moto3 kategoriako motoa garatzeko".
Vazquezek onartu duenez, "oso azkar" joan eta "oso eraginkorrak" izan beharko dute, euren eginbeharra etxe austriarraren motoan "doikuntzak ahalik eta gehien fintzea" izango delako.
Horrez gain, Espainiako Abiadura Txapelketan arituko den LaGlisse taldearentzat aholkulari lanak egiten jarraituko du. Aipatu taldeak zazpi moto izango ditu lehian.
"Pilotuei pistan zein pistatik at laguntzen saiatuko gara", azaldu du Vazquezek.