Malaysiako Sari Nagusia
Euriak baldintzatutako lasterketa irabazi du Alonsok
Erredakzioa
Ferrariko pilotua onena izan da zirkuitua busti denean. Azken itzulietan Sergio Perez Sauber etxeko pilotuak asturiarrari eraso egin dio, baina mexikarrak huts egin eta ezin izan du gainditu.
Fernando Alonsok (Ferrari) Malaysiako Sari Nagusia irabazi du gaur, Bat Formula Munduko Txapelketaren bigarren lasterketa. Sepango zirkuituan lortutako garaipena Asturiaseko pilotuaren 20. izan da bere ibilbide profesionalean.
Euriak baldintzatutako lasterketa irabazi du Alonsok (bandera gorria aterata lasterketa 51 minutu egon da etenda). 5.543 metroko zirkuituari 56 itzuli eman behar izan dizkiote eta 310 kilometro bete.
Sergio Perez (Sauber) mexikarrak lasterketa bikaina egin du eta bigarren sailkatu da. Era berean, Lewis Hamilton (McLaren) ingelesak podiuma zapaldu du.
Alonsok Sepangen hirugarrenez irabazi du, izan ere, 2005ean garaipena lortu zuen Renault autoarekin, eta 2007an McLarenekin. Ferrari etxearekin lortzen duen zazpigarren garaipena da. Mark Webber (Red Bull) laugarren sailkatu da, Kimi Raikkonen (Lotus) bosgarren eta Bruno Senna (Williams) seigarren.
Paul Di Resta (Force India) eskoziarrak zazpigarren amaitu du eta Jean-Eric Vergne (Toro Rosso) zortzigarren sailkatu da.
Nico Huelkenberg (Force India) eta Michael Schumacher (Mercedes) alemaniarrak puntuetan sartu dira, bederatzigarren eta hamargarren sailkatu baitira, hurrenez hurren.