Itxi

MOTORRA

Bertan behera geratu da 1 Formulako Emilia Romagnako Sari Nagusia, Italian izandako uholde larriengatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Asteburu honetan Imolako zirkuituan jokatzekoa zen lasterketa Munduko Txapelketako seigarren proba izan behar zuen.

2022ko Emilia Romagnako Sari Nagusia. Argazkia: EFE

1 Formulako antolatzaileek asteazken honetan baieztatu duenez, bertan behera geratu da Emilia Romagnako Sari Nagusia, asteburu honetan Imolako (Italia) zirkuituan jokatu behar zen Munduko Txapelketako seigarren proba, Minerva zikloiak eragindako uholde larriengatik.

"1 Formularen, FIAko presidentearen, agintari eskudunen (dagokien ministroak barne), Italiako Automobil Klubeko presidentearen, Emilia Romagna eskualdeko presidentearen, hiriko alkatearen eta sustatzailearen arteko elkarrizketen ondoren, Imolan jokatzekoa zen Sari Nagusiarekin ez jarraitzeko erabakia hartu da", iragarri dute antolatzaileek ohar batean.

Antolatzaileen esanetan, erabaki hori hartzeko arrazoi nagusia da "ekitaldia modu seguruan ezin egin ahal izatea zaleentzat, taldeentzat eta langileentzat". Gaineratu dute hori dela erabaki "zuzena eta arduratsua", eskualdeko herri eta hiriek bizi duten egoeraren aurrean. "Ez litzateke zuzena izango tokiko agintariei eta larrialdi zerbitzuei presio handiagoa egitea une zail honetan", ohartarazi dute.

Euriteen ondorioz, zirkuitutik gertu dagoen Santerno ibaiak gainezka egin du, eta eskualdeko hainbat herri ere hustu behar izan dituzte. Gainera, lasterketa eremuko zenbait gune urez bete dira, eta astearte honetan zirkuitua bera jendez hustu behar izan dute.

Albisteak (3)