Itxi

Brasilgo aurreratzea

Ferrarik FIAren azalpena onartu eta auzia bukatutzat eman du

Erredakzioa

FIAri eskatutako azalpenarekin "Brasilgo Sari Nagusiko emaitzari zilegitasuna kendu nahi ez" ziotela adierazi du Ferrarik.

Argazkia: EFE

Nazioarteko Automobilismo Federakundearen (FIA) azalpena aintzat hartu duela esan du gaur Ferrarik, eta Sebastian Vettelek Jean-Eric Vergne gidariari Brasilgo Sari Nagusian egindako aurreratzearen inguruan sortutako auzia bukatutzat eman du Italiako taldeak.

FIAren "iritzia" gaur jaso duela jakitera eman du Ferrarik bere webgunean. Horrela, "auzia itxi" dela uste du Italiako taldeak.

FIAri eskatutako azalpenarekin "Brasilgo Sari Nagusiko emaitzari zilegitasuna kendu nahi ez" ziotela erantsi du Ferrarik. "Lasterketaren ostean Interneten zenbait inguruabar azaldu ziren eta gertatutakoa argitu behar zen", azaldu du talde italiarrak.

"Mundu osotik milaka eskakizun iritsi ziren eta, ondorioz, guretzako betebehar bat zen lasterketan sakontzea, Federakundeari iritzi bat eskatuz; izan ere, gertakariak Bat Formularen eta Ferrariren jarraitzaileen artean zalantzak piztu zituen", gaineratu du taldeak komunikatu batean.


Albisteak (2)