Inaugurazioa
Inaugurazio ekitaldiak animaliaz beteko du Estadio Olinpikoa
Erredakzioa
Olinpiar Jokoen irekiera-ekitaldiaren lehenengo zatiak Erresuma Batuko alde tradizionala erakutsiko du.
Britainiar nekarazitzaren ordezkaritza ikusiko da Olinpiar Jokoen inaugurazio-ekitaldian. Festako diseinu artistikoaren arduradun Danny Boyle zinema-zuzendariak hainbat abere bilduko du Estadio Olinpikoan: hamabi zaldi, hiru behi, bi ahuntz, hamar oilo, hamar ahate eta artalde oso bat, artzain-txakur eta guzti. Asmoa Erresuma Batua nazio bezala erakustea da.
39 diziplinetan parte hartuko duten 10.500 atletei ongietorria egiteko, antolatzaileek 27 milioi libera (33,2 milioi euro) gastatuko dute. Slumdog Millionaire eta Trainspotting filmen zuzendariak diseinatutako ekitaldian, gainera, Paul McCartney eta ekitaldiari hasiera emango dion kanpai erraldoi bat egongo dira.
2 metro garai, 3 zabal eta 23 tona. Horiek dira kanpaiaren neurriak. Whitechapel Bell Foundry galdategian egin dute, Big Ben dorreko kanpaia fabrikatu zuten leku berean. Inaugurazio-festak William Shakespearen obrari erreferentzia egingo dio. Antolaketa Batzordeak telebistaren aurrean mila milioi ikus-entzule batzea espero du.