Itxi

Euskal kirolariak

Londresko Olinpiar Jokoetan dauden euskal kirolariak

Erredakzioa

30 euskaldun 11 kiroletan arituko dira, uztailaren 26tik abuztuaren 12ra arte, Londresko Olinpiar Jokoetan.

Londreseko Estadio Olinpikoa, euskal kirolarien zai. Argazkia: Londres 2012.

Zuzi olinpikoa Londresen dago, ostiraletik aurrera Stratfordeko Estadio Olinpikoa argiztatzeko prest. Britainia Handiko hiriburua mundutik etorritako kirolariez beteta dago. Horien artean, lau urtetako lana sarituko lukeen dominaren bila doazen 30 euskaldun daude.

Olinpiar Jokoei buruzko web berezian, kirolari guztien fitxak ikus ditzakezu (20 gizon eta 10 emakume), baita Londreserako bideari errepasoa egiten dioten bideoak ere.

Hiru kirolek hiruna euskaldun izango dituzte. Piraguismoan, Maialen Chourraut gipuzkoarra Munduko Slalom Kopako urreak utzitako sentsazio onekin joango da, Ander Elosegirekin eta Samuel Hernanzekin. Judoan, Oiana Blancok eta Sugoi Uriartek lehenengo aldiz parte hartuko dute Jokoetan, Atenasen egon zen Kioshi Uematsurekin batera. Pistako txirrindularitzan, Leire Olaberria beteranoa, Hodei Mazkiaran eta Juan Peralta omnium, keirin eta sprint probetan arituko dira, hurrenez hurren; Unai Elorriaga eta Asier Maeztu, berriz, ez dituzte aukeratu.

Beste kirol batzuetan ere, bina euskaldun egongo dira: belan, Iker Martinez eta Xabier Fernandez (domina gehien irabazi dituzten euskaldunak) arituko dira; triatloian, Ainhoa Murua eta Zuriñe Rodriguez; eta tiro olinpikoan, Pablo Carrera eta Juanjo Aranburu.

Borroka librean, Maider Undak azkenean lortu du Londreserako txartela. Istanbuleko Munduko Txapelketan ezin izan zuen lortu, baina Finlandian azkenean lortu du bere asmoa. Martxan, berriz, Mikel Odriozola lehiatuko da. Euskal atletismoaren ordezkari bakarra da. Jonathan Castroviejo, Samuel Sanchezen lesioaren ondoren, errepide txirrindularitzan arituko da, lineako proban eta erlojupekoan.

Espainiako bi eskubaloi selekzioetan euskaldunak daude. Emakumezkoen taldean, Eli Pinedo, Nely Carla Alberto, Andrea Barno eta Patricia Elorza arituko dira. GIzonezkoen artean, Eduardo Gurbindo, Julen Aginagalde eta Mikel Agirrezabalaga. Espainiako futbol selekzioan bost euskal futbolarik jokatuko dute: Javi Martinez, Ander Herrera, Iker Muniain, Iñigo Martinez eta Cesar Azpilicueta.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (2)