Itxi

Igeriketa

Michael Phelpsek ezin izango du Pekineko balentria errepikatu

Erredakzioa

Igerilariak Londresen zortzi proba lehiatzeko sailkatu da, baina estilo libreko 200 metroko proban igeri egiteari uko egin dio.

Michael Phelps. Argazkia: El Universal.

Michael Phelpsek zortzi probatan lortu du sailkapena (banakako bost eta errelebuko hiru), AEBetako igeriketa preolinpikoan, baina estilo libreko 200 metroko proban lehiatzeari uko egin dio. Gauzak horrela, Olinpiar Jokoetan urrezko domina gehien lortu dituen igerilariak ezingo ditu Londresko Olinpiar Jokoetan berriro urrezko zortzi domina eskuratu, Pekinen egin zuen bezala.

Erabaki horrekin, Phelpsek (Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko lau proba irabazi ditu) Londresen jasango lukeen presio mediatikoa gutxitu nahi du.

Gregg Troy entrenatzailearen esanetan, zortzi probatan parte hartzeko programa zailegia zen: "Beteranoagoa dela aitortu behar dugu; beraz, indarrak ezin ditu lehen bezain azkar berreskuratu eta maila berean lehiatzeko aukera gutxiago ditu".

Omahako (Nebraska) sailkatze-proban, Dara Torres igerilariak ez du bere seigarren Olinpiar Jokoetarako txartela lortu. Beterano estatubatuarrak 12 domina lortu ditu bost Olinpiar Jokotan.

Albisteak (2)

Informazio gehiago (1)