Itxi

Kirolariak

Kirolari olinpikoak Londresera heltzen hasi dira

Erredakzioa

Gaur 350 kirolari heltzea espero da. Hiri olinpikoak 17.000 atleta hartuko ditu guztira.

Piraguistak, aireportuan itxaroten. Argazkia: Maialen Chourraut Twitterren.

Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten kirolariak Erresuma Batuko hiriburura heltzen hasi dira. Gaur 350 kirolari heltzea espero da, hiri olinpikoa beteko duten 17.000 atleten zati bat baino ez.

Euskal ordezkarien artean, batzuk uztailaren 27an hasiko diren Jokoetako azken prestaketetan murgilduta daude. Beste batzuk, aldiz, Londresera bidean daude; piraguistak, esaterako. Horiek, adibidez, arazoak izan dituzte aireportuan.

Maialen Chourrautek Twitterren idatzi duenez, Espainiako piraguismo selekzioak "bidaiatzeko gauza gehiegi" zituen. Aireportuko langileek, hasiera batean, piraguek ez zutela hegan egingo esan diete. Ander Elosegiren arabera, "materialarekin betiko problemak" izan dituzte. Azkenean, ordubete baino gehiago itxaron ostean, euskal piraguistak hegazkinera igo dira. Piraguak gauean helduko dira. Elosegik txioka esan duen bezala, "ez da Olinpiar Jokoak hasteko modurik onena". Hala ere, ziur asko, zortea alde izango dute erosoen sentitzen diren lekuan: uretan.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)