Ez da sendatu
Samuel Sanchezek ez du Olinpiar Jokoetan parte hartuko
Erredakzioa
Egungo txapeldun olinpikoa ez da Tourrean izandako erorikoaz sendatu. "Triste nago, baina onartu beharra dut, ez dut beste aukerarik", adierazi du Samuel Sanchezek.
Samuel Sanchez egungo txapeldun olinpikoak ez du Londreseko Jokoetan parte hartuko. Tourrean izan zuen erorikoak hausturak eragin zizkion eta txirrindulari asturiarra ez da sendatu, Euskaltel-Euskadi taldeak gaur jakitera eman duenez.
"Kalitatezko" bi lan saio egin ditu Sanchezek. Eskuetako lesioen egoera ezagutzeko entrenamenduak izan dira. Euskalteleko txirrindularia Tourreko zazpigarren etapan erori zen.
Errepideko zuloek eragiten duten dardara jasateko zailtasunak dituela egiaztatu du txirrindulariak lan saioetan. Gainera, eskuin eskuarekin galgatzerik ez duela baieztatu du.
"Triste nago, baina onartu beharra dut, ez dut beste aukerarik. Osatzeko lan asko egin dut, baina egoera honetan lehiatzeko, galgatzeko zailtasunak ditut, arriskutsua litzateke niretzako eta tropeleko gainerako txirrindularientzako. Erantzukizunez jokatu behar dut, inor arriskuan jarri gabe eta senatzeko lanean jarraitu", adierazi du Samuel Sanchezek.
"Aspaldiko kirol erabikirik mingarriena izan da", onartu du Euskalteleko txirrindulariak, 2008ko urrezko domina defendatzea gustatuko litzaiokeelako, "bizitza aldatu" ziolako.